Ortziralean inauguratuko dute Arizkungo Mugarki kiroldegi berria

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 29a, 18:00

Apirilaren 1ean, 3an, 4an eta 5ean ate irekiak izanen dituzte eta hainbat jarduera egiteko aukera izanen da

Joan den urrian Arizkungo Mugarki kiroldegiak rokodromoa ireki zuen, eta aste honetan, martxoaren 31n, gimnasioa, taberna eta aisialdi gela zabalduko dituzte. 17:30ean izanen da inaugurazioa, Piek DJak girotua, eta koktelak izanen dira.

Honez gain, hainbat klasetan parte hartzeko aukera izanen da arratsalde guztian. Gimnasioan dantzumba klaseak izanen dira 17:45ean eta 19:15ean Mavi eta Patrirekin, eta ziklo klaseak 17:45ean eta 20:00etan Aitorrekin. Horrez gain, indarra lantzeko klaseak eta entrenamendu funtzionalak izanen dira Alex Fernandezekin; 17:45ean eta 19:15ean indarra eta 18:30ean eta 20:00etan funtzionalak. Azkenik, 20:45ean eskalada lehiaketa izanen da rokodromoan. Klaseetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da mugarki.com webgunean. Plaza mugatuak izanen dira; dantzumban gehienez 15 lagun, ziklon 14 eta indar eta funtzionalean 12.

Ate irekiak

Inaugurazioaren ondotik, ate irekien egunak izanen dituzte apirileko lehenbiziko egunetan. Hilaren 1ean informazioa lortu eta izena emateko aukera emanen dute, eta 3an, 4an eta 5ean hainbat klase egiten ahalko dira.

  • Astelehenean, apirilak 3: 09:30ean eta 18:00etan dantzumba, indarra eta pilates. 11:30ean eta 19:30ean ziklo eta kros hiit.
  • Asteartean, apirilak 4: 18:00etan kardio fit, yoga eta kros hiit. 19:30ean dantzumba, ziklo eta indarra.
  • Asteazkenean, apirilak 5: 09:30ean kardio fit eta kros hiit. 10:00etan yoga. 11:30ean dantzumba, ziklo eta indarra.

Izen-emateak webgunearen bitartez egin daitezke, gehienez ere 12 lagunentzako tokiarekin klase bakoitzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun