Iñaki Zelaieta Erasun

«Aniz herri ttikia baina hagitz parte-hartzailea eta bizia da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 26a, 09:00

Sortzez beratarra bada ere, duela 15 urte Anizen bizi da Iñaki Zelaieta Erasun: «lehenbiziko Elizondora joan nintzen pisu batean bizitzera bi urtez, eta etxea egin genuelarik Anizera etorri ginen. Aldaketa haundia izan zen, baina nahiko erraz moldatu nintzen». Gainerako aniztarrek bezala, herriko kontuetan parte hartzen du, eta aurtengo agintaldian alkatetza hartu du hurrengo bi urteetarako.

Nola animatu zinen alkate izatera? 

Aniz herri ttikia da, baina hagitz parte-hartzailea, eta alkatetza normalean familiaka txandakatzen da. Nire adintsuko gehienek pasatu zuten eta bagenekien gure etxera etorriko zela. Herrian lagundu nahi bada, horretan sartu behar da.

Gogotsu hartu duzu alkatetza? 

Bai, horrelako karguak gogoarekin hartu behar dira beti.

Eta karguak eragin haundia du zure egunerokoan?

Egia da gauza aunitzen gainean egon beharra zarela, eta kezka eta ardura aunitz izaten direla buruan. Baina alkatetza etxeko ardura bezala hartzen dugu, eta paperetan nire izena agertzen bada ere, bikotekidearen laguntza daukat. Bion artean errazago ateratzen dugu dena aitzinera.

«Erabakiak eta lanak denon artean egiten ditugu»

Zein dira alkatearen betebeharrak? 

Erabakiak eta lanak denon artean egiten ditugu, nire ardura aurpegia ematea da, herriaren izenean solastatzea. Ez dugu lantalde zehatzik, baina batzarrak maiz egiten ditugu eta herriaren gehiengoa inplikatzen da erabakiak hartzerakoan.

Erraza da aurpegia ematea?

Herriaren babesa daukazunean eta jendea hain bateratua dagoenean, errazagoa da. Ez zait hainbertze kostatzen. Oraindik ez zait tokatu Batzar Nagusian ibiltzea, baina herria ordezkatzen dudanez, kontzientzia lasai dut. Badakit erabakiak lehenagotik denon artean adostu ditugula eta errazagoa da zure hitza defendatzea herri oso baten babesa gibelean duzunean.

Anizeri dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urteetan?

Poliki-poliki pista guziak konpontzen aritu gara. Zuloz beteak zeuden eta zaborra botatzen eta zementatzen ibili gara. Horiek izan dira azken urteetako obra haundienak. Horrez gain, hondakinen arloan, joan den udazkenean Nafarroan egin zen Errefusaren Txapelketan Anizko herria garaile suertatu zen, Basaburuko kuartela izan baitzen biztanleko hondakin guttien sortu zuena. Bertan lortutako sariarekin, panel bat egin dugu eta herriko etxe eta parajeen izenak ageri dira bertan.

«Anizen haur, gazte eta zahar, denak elkartzen dira»

Eta zein behar ikusten dituzu gaur egun?

Aurten horretan segituko dugu, pistak moldatzen. Gainera, herriko frontoia aspaldixko pintatu genuen eta aurrekontua eskatu behar dugu, berriz pintatzeko beharra ikusten baitugu. Honez gain, noizbehinka auzolanak ateratzen dira beharren arabera, eta urarekin ere kezkak ditugu ihesak izaten ditugulako.

Herri ttikia baina bizia da Aniz, ez?

Hagitz bizia eta parte-hartzailea da, gozamena da hemen bizitzea. Haurrak, gazteak eta zaharrak harreman estua dute, denak elkartzen dira eta hori du berezitasuna. Kultura aldetik ere jarduera aunitz ditugu; gazteek eta helduek antolatzen dituzte, haurrek parte hartzen dute… denon artean egiteak aunitz laguntzen du.

Nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Orain geldialdia ikusten dut haurren kopuruan. Duela urte batzuk haur aunitz sortu ziren, baina azken zortzi urteetan bakarra sortu da eta momentuz ez dugu gehiagorik espero. Hala ere, gazteen artean herrian gelditzeko asmoa ikusten dut; etxeak berritzen ari dira, batzuk hemen lana dute… herriak etorkizun ona izatea espero dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun