Euskara plana diseinatzeko prozesu parte hartzailea abiatuko du Baztango Udalak apirilean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 20:00

Iritziak entzuteko eta proposamenak egiteko espazioak zabalduko dituzte apiriletik azarora

Baztango Udalak euskara plana diseinatzeko prozesu parte hartzailea paratuko du martxan apiriletik aitzinera, «euskararen normalizazio prozesuan urrats esanguratsuak emateko helburuarekin».

Prozesuak bi mugarri nagusi izanen ditu. Lehenbizikoa Nondik heldu gara? galderan oinarrituko da, «hau da, euskararen egoera zehatza zein den galde eginen die baztandarrei». Horretarako, galdetegiak zabalduko dituzte apirilean. Udalak azpimarratu du Baztan bere osotasunean hartuko dutela aintzat, eta horregatik lan-mahaiak eta bilera irekiak eginen dituzte ekainean eta irailean kuartelka, «herri bakoitzaren errealitatea aditzeko». Gainera, «gazteengana iristeko helburu irmoa» dute eta haiei zuzendutako saioa antolatuko dute Elizondon.

Iritzi bilketaren ondotik, diagnosia lortuta, Nora goaz? faseari ekinen diote, bigarren mugarri nagusia. Iraila eta urria «proposamenak egiteko eta gakoak identifikatzeko garaia» izanen da. Proposamenak egitea errazteko, bilera irekiak antolatuko dituzte, iritziak bertatik bertara aditzeko.

Azkenik, Baztango Udalak prozesuan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun