Nafarroako Gobernuko ordezkariek Aritzakungo gaztainondo plantazioa bisitatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 21a, 16:00

40 urte baino gehiago ditu plantazioak eta Nafarroan gaztainondoa berreskuratzeko gune garrantzitsua da

Gaur, Basoen Nazioarteko Egunean, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Aritzakungo gaztainondo plantazioa bisitatu du, Fermin Olabe Oihan eta Ehiza Zerbitzuko zuzendariarekin batera. Bertan izan dira ere Baztango Udaleko Florentino Goñi eta mendi arduradunak.

Aritzakungo plantazioa 1983/84 urteetakoa da eta gaur egun 12.000 arbola heldu ditu, haundienak 57 zentimetroko diametrorekin eta 33 metroko altuerarekin. Zuhaitz hauek Nafarroako gaztainondoen berreskuratze prozesuan inportanteak izan dira, gaixotasunek larriki kaltetutako espeziea izan baita. Nafarroako Ingurumen sailak ezaugarri onenak dituzten sei zuhaitzen genotipoa identifikatu eta klonatu egin du, baita zuhaitz baten hazitik datorren landarea bildu ere. Hauekin, gaitzak jasaten dituzten arbolen entseguzko birpopulaketak egin dituzte zazpi lursailetan: Baztanen, Leitzan, Luzaiden, Arantzan eta Beran, Lesakan eta Iturenen. Lursail hauen garapena behatuz eta neurtuz, Nafarroan gaztainondoa berreskuratzen lagunduko duten emaitzak lortzea espero dute.

Gomez kontseilariak «mendi kudeaketa jasangarrian, bertako ekonomian eta biodibertsitatearen zainketan plantazioak duen garrantzia» azpimarratu du. Olabek, berriz, «gaztainondoa Nafarroako ipar-mendebaldean tradizionalki arras erabilia izan den egurra dela» nabarmendu du, «bere ezaugarriengatik, egur arras preziatua da eta espeziea berreskuratzeak honen erabilera erraztuko du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun