Orain dela 60 urte, 1963an Aralarrera egindako ateraldi batean zenbait baztandarrek Baztandarren Biltzarra bestaren hazia erein zuten Aralarko kaskoan. Ilusioz ereindako hazia izan zen, auzolana, euskara eta baztandarron elkartasuna ardatz zuelarik.
Hazi hura erein zutenek argi zuten auzolanean egindako besta hura berezia izanen zela eta baztandarrontzat urtero-urtero errepikatu beharreko zita bilakatuko zela. Hazi hartatik, landare eder bat sortu zen, landare emankorra, edozein lurzorutan, edozein eguraldirekin ere, urtero-urtero loratuko zena.
Baztandarren Biltzarrarendako urte guztiak ez dira errazak izan, hainbat oztopo gainditu behar izan ditugu; 1976 eta 1986ko tentsioak, bigarren hortan besta bertan behera geldituz, edota 2020 eta 2021eko hutsuneak, Covid-19ak eraginda. Hala ere, urte gehienetan ederki zaindua izan da baztandarron altxor hau eta baztandarrondako zimeltzen utzi ezin den landarea dela argi gelditu da. Landarea hain da haundia, Euskal Herri guztiko folklorearen erreferente eta topagune erraldoi bihurtu dela.
Aurtengo urtarrilaren 2an, Baztandarren Biltzarra itzaltzera zihoala komunikatu zuten orain arte kide zirenek. Haiendako ez zen erabaki xamurra; aitzinetik kide izan ziren guztiendako bezala, haiendako ere Baztandarren Biltzarra besta izateaz gain, sentimendu berezia baitzen.
Orduan, baztandar anitzek gure nortasunaren zati bat galtzen genuela sentitu genuen. Horren aitzinean, orduko zenbait kide eta ilusioz agertutako zenbait baztandar elkartu eta elkartearekin aitzinera egitea erabaki dugu. Ilusioz hasi dugu bidea. Talde anitza osatzen dugu eta ziur gaude aurten ere Baztandarren Biltzarra ederki loratuko dela.
Aurten, gainera, 60. urteurrena izanen dugu eta berezia izatea nahi dugu. Azken hilabeteotan, baztandarrok momentu gazia bizi izan dugu baina orain arte kide zirenekin eta kide berri anitzekin ilusioa eta gogoa ardatz dituen talde polita osatu dugu. 60. urteurren hau 2023ko Baztandarren Biltzarrean ospatzea baino modu hoberik ez dagoela argi daukagu.
Hori bai, elkartea bizirik mantentzeko eta orain arte Baztandarrenen gidaritzan egon diren horiek hartu behar izan zuten erabakia ez hartzeko, ezinbertzekoa da urtero kide berriak animatzea, transmisioa eta taldearen indarberritzea modu natural batean gerta dadin.
Zuen laguntza ere beharrezkoa izanen dugu; gu motorra izanen gara baina boluntarioen eta Baztango 15 herrien laguntza ezinbertzekoa da besta hau behar bezala ospatzeko.
Azkenik, Baztandarren Biltzarrako elkartetik pasatako kideez oroitu nahi dugu. Hainbertze urtez ilusioz besta honen antolakuntzan aritu zareten guztiei esker mila, bihotz bihotzez esker mila! Zuei esker besta hau ezagutu, bizi eta gozatu dugu! Eta gozatzen segituko dugu! Badakizue, beti erran izan da elkarte hau familia bat dela eta hemendik aitzinera ere ateak irekiak izanen dituen familia izanen da.
Baztandarrak: hasi baserritar jantziei hautsak kentzen, has zaitezte zuen orgetarako ideiak pentsatzen, segi Baztanen eskuaraz barra-barra solastatzen, auzolan erraldoi hau ez baita itzaliko! Uztailaren 16an Elizondoko karriketan elkar ikusiko dugu!
Gora Baztandarren Biltzarra! Aunitz urtez Baztandarren Biltzarra!