«Betitik» izan du gustuko pintura, eta duela 16-17 urte, «alabak etxetik joan zirenean», hasi zen klaseak hartzen: «Camino Eseverrirekin joaten nintzen Arizkunenera. Gero, Tomas Sobrinorekin segitu nuen». Geroztik, «kurtso batzuk egin izan ditut noizbehinka eta oraindik ere egiten ditut».
Inguruko paisaiak inspirazio
Irakaskuntzan lanean aritu izan da Esteban bizitza osoan; «38 urtez Elizondoko Eskola Publikoko irakasle izan nintzen eta arras gustura aritu nintzen». Baina, aitortu duenez, «garai hartan zaila zen nire zaletasunetan aritzea denbora faltagatik». Orain jubilatua dagoela, berriz, «edozein gauzarako denbora daukat».
«Olio-pinturekin eta akrilikoekin egiten dut lan batez ere»
Batez ere paisaiak margotzea du gustuko; «normalean olio-pinturekin margotzen dut, espatulak lagunduta, baina azken boladan akrilikoekin margotzen ari naiz. Kasu honetan, disolbatzailea ura denez, arras gauza politak lortzen ahal dira. Arras entretenigarria da honekin jostatzea eta probak egitea». Hala ere, «bai olio-pinturekin eta baita akrilikoekin ere, primeran pasatzen dut».
Bere inspirazio-iturri nagusia argi du: «hemengo natura, dudarik gabe. Arbolak, landareak, loreak, hostoak… udaberrian, neguan eta udazkenean, batez ere». Naturaren koloreak «zoragarriak dira, eta urtaroaren arabera nola aldatzen diren ikustea harrigarria da».
Artelanak erakusteko nahia
Hainbat erakusketetan parte hartu du Estebanek bere lanekin: «Lehenbizikoa Sunbillako udaletxean izan zen. Ondotik, bizpahiru Arizkunenean, bertze horrenbertze Irunen eta aldi pare batez Bertizen. Baita behin Madrilen ere. Baina erakusketa kolektiboak izan dira beti, hau da, bertze margolari batzuekin batera».
Gaur egun erakusketa finkoa du ikusgai Elizondon: «Jaime Urrutia karrikan, 48. zenbakian, 'Mila-Ananda Erakusketa Zentroa' ireki nuen 2021ean Ana Anandarekin batera. Hainbertze urtez margotu ondotik, koadro pila bat biltzen ari ginen, eta pentsatu genuen hobe zela erakustea, etxean gordeta izatea baino. Eta, egia errateko, jende aunitz erakusleihoetatik begira gelditzen da pasatzean».
«Naturaren koloreak zoragarriak dira margotzeko»
Begira gelditzen diren guzti horiei, «sartzeko erranen nieke; barnean aunitzez ere koadro gehiago ditugu eta gustura erakutsiko dizkiegu, baita edozein azalpen eman edo galdera erantzun». Aitortu duenez, «kanpoko jendea problemarik gabe sartzen da, eta solas eta harreman interesgarriak sortzen dira. Baina eskualdekoek kanpotik ikustea nahiago dute. Uste dugu politagoa izanen litzatekeela barnera sartuko balira».
Taldean margotzen
Honez gain, behin baino gehiagotan 'Emozioak koloretan' erakusketa ireki izan du Arizkunenean, bertze hainbat emakumerekin batera: «Isabel Olondriz, Mari Puy Lukin, Blanca Jimenez, Ana Ananda Gonzalez eta bortzak Tomas Sobrinoren klaseetara joan ginen, eta zaletasun berdineko lagun taldea osatu genuen. Hortik sortu zen ideia, eta bizpahiru aldiz egin izan dugu erakusketa. Posible baldin badugu, etorkizunean gehiago izanen dira».
Hala ere, «nahiz eta denok elkarrekin margotu eta irakasle berbera izan, nork bere estilo propioa dauka; batek abstraktuta, bertze batzuk akuarelekin…». Beraz, mota eta estilo guzietako lanak ikusteko aukera ematen du erakusketak.
Tomas Sobrino artista elizondoarra izan du irakasle eta erreferentzia; «inportantzia haundia du niretako, taldearen lotura puntua da eta irakasteaz gain, artearen munduan sartzen gaitu».
Estebani dagokionez, «ez diot etorkizunari begiratzen, gaurkoari baizik. Egiten dudanarekin arras gustura nago eta horrela segitzen badut, kontent».