Martxoaren 30ean Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Baztango Berdintasun Zerbitzuak eta Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak dokumental emanaldia eta solasaldia antolatu dituzte, 'Haur eta gazteen transexualitatea: ez da nire gorputza, zure begirada baizik' izenpean. Arizkuneneko hitzaldi aretoan (goitiko solairuan) izanen da hitzordua 18:30ean.
Lehenik HiKiru taldearen Trans-formatzen dokumentala proiektatuko dute, 38 minutukoa. Ondotik, Naizen elkarteko kideek haien bizipenak partekatuko dituzte, eta galderak egiteko aukera emanen diete entzuleei. Gainera, ezagutza teorikoan sakontzeko, sexologo bat izanen da, egungo egoera eta zenbait kontzeptu, lege eta protokolo azaltzeko.
Informazio gehiagorako eskuragarri daude berdintasuna@baztan.eus helbidea eta 613 00 36 34 telefonoa.