Autoritarismoa gelditu! Elkartasun jaialdia eginen dute larunbatean Baztango gaztetxean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 15a, 13:30

22:00etatik aitzinera kontzertuak izanen dira gaztetxean. Lortutako dirua eskualdeko hiru gazte auzipeturen isunak ordaintzera bideratuko da

Eskualdeko gazteek Autoritarismoa gelditu! dinamika martxan paratu dute, «estatuaren joera autoritarioa salatzeko, eskualdeko hiru kasu zehatzen salaketa plazaratzeko eta laguntza ekonomikoa eskuratzeko». Dinamikaren lehen ekimena elkartasun jaialdia izanen da, martxoaren 18an, Baztango gaztetxean. 21:00etan irekiko dituzte gaztetxeko ateak eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak; Ostikoka punk-oi! taldea, Miru Gorriak eta DJ Aimar izanen dira oholtzaren gainean. Lortutako dirua «poliziaren jazarpenagatik jasotako isunak ordaintzera» bideratuko da.

Eskualdeko hiru gazte auzipetu

Antolatzaileek azaldu dutenez, Baztan eta Bortzirietako hiru gazte auzipetuak izan dira kasu ezberdinengatik. «Gazta baztandar bat epaitu eta isundua izan da, Pablo Haselen askatasuna eskatzeko eta adierazpen askatasun urraketa salatzeko Iruñean egin zen mobilizazio baten harira. Bertze aldetik, bi gazte bortziritar epaiketaren zain daude, karrikatik zihoazela polizien identifikazio arbitrario bat jasan eta azkenean epaitegietan bukatu dutelarik, poliziek asmatutako kontaketa batengatik».

Gaineratu dutenez, «kapitalismoa krisialdian dago, estatu forma gero eta autoritarioagoa ari gara bizitzen. Ageriko da azken urteetan ematen ari den eskubideen murrizketa eta kontrol sozialaren areagotzea: kamerak, kontrol polizialak, legeen gogortzeak, salbuespen egoerak, polizia eta militarren inbertsioen igoerak… Agintariek sumisio, pobrezia eta autoritarismora ohitutako subjektu gisa nahi gaituzte».

Gazte langileak «etengabe gara kriminalizatuak, mehatxatuak eta isunduak, 'historiako gobernu aurrerakoienaren' testuinguruan. Hortaz, argi ikusten dugu egoera hau iraultzeko bide bakarra instituzioekiko independentea izanen den antolakuntza politikoa sustatzea dela».

Horregatik abiatu dute Autoritarismoa gelditu! dinamika, «egoera hauei ikusgarritasuna eman eta salaketak plazaratzeko. Bertze aldetik, epaiketen gastuetan zein isunetan pilatuko diren milaka euroei aitzin egiteko laguntza ekonomikoa eskaini nahi zaie auzipetuei. Horretarako, hainbat ekimen paratuko ditugu martxan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun