M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

«Oinarriak astindu behar dira, baina autokritika presente izanda»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 12a, 11:00

«Ttikitatik» musikarekin harreman estua eduki du Olaia Inziarte bakarlari oronoztarrak, «trikitixa eta panderoarekin hasi nintzen esperimentatzen, baina amatxik gitarra bat oparitu zidanean hasi zitzaidan kantuak sortzeko ezinegona».

Talde aunitzetan ibili eta hainbat genero probatu ondotik, kantuak sortzen eta bakarlari gisa dabil orain; «baina maite ditut hortik kanpokoak ere, jendearekin musikalki jostatzea edo mahai ondotan trikitixa jotzea, adibidez, eta ohitura horiekin segitu nahiko nuke». Izan ere, «afizio izatetik ofizio izatera pasatzean komeri aunitz egon daitezke medio, eta hori kudeatzen ikasten ari naiz».

Musikaren munduan «emakumeok* xoko haundia okupatzea lortu dugu eta espazio aski interesgarriak sortzen ari dira, baina gibeleko aldean eta ezkutuan gelditzen denari dagokionez, aunitz dago egiteko. Bizitzan bezala, musikan ere pribilegioak betikoen esku daude; estrukturala da».

Ez du bere burua emakume* musikari bezala definitu, «musikari gisa baizik, pertsona bezala har nazaten». Hala ere, «egia da kanpotik emakume* bezala irakurtzen zaituzten momentutik, tendentzia aunitz horren araberakoak direla. Jasan ditudan jazarpen, sexualizazio eta gutxiespenak ez lituzke berdin jasanen bertakoa den gizon zis-hetero txuri batek. Aldi berean, nik baino zapalkuntza haundiagoa jasanen luke atzerritik etorritako azal beltzeko emakume* batek».

Azken urteetan «lan aunitz eta lorpen haundiak» egin direla dio, «baina autokritika presente izan behar dugu, periferietan gelditzen diren kolektiboen irakurketa desberdina izan daitekeela kontuan hartuz». Egoera aldatzeko «oinarriak astindu behar dira eta haratago joan. Nondik gatozen jakinda argiago edukiko dugu norat nahi dugun joan, enpatia eta ulermena ardatz hartuta».

Etorkizunera begira, «erronka indibiduala lanketa hauetarako indarra eta ilusioa gordetzea da, aise kentzen baitigute denbora eta gogoa. Zilegi da aunitzetan etsipena sentitzea. Baina kolektiboak aunitz egiten du, laguntza eskatzeak eta eskaintzeak. Egiteko zenbat gauza dauden ikusteak, haserretik bada ere, pizten gaitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun