M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

«Emakumeok urteetan egindako lana errekonozitu behar da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 12a, 09:00

2019 hasmentan hasi zen Amaia Iturriria azpilkuetarra abeltzain lanetan: «Gartzainera bizitzera etorri nintzen bikotearekin, eta bere gurasoak aziendaz bizitu izan dira beti. Aita jubilatu zenean animalia kopurua jaustea pentsatzen hasi ziren, eta guk beti izan dugunez lurrari lotutako bizi bat izateko interesa, azienda hartzea erabaki genuen».

Behiak, behorrak eta ardiak dituzte gaur egun, eta salmenta zuzenean aritzea erabaki dute: «lehen tratanteekin aritzen ziren, eta orain aratxeak etxean gizendu eta jendeari zuzenean loteetan saltzen diegu. Gainera, gasnategi bat egiten ari gara esnea etxean transformatzeko».

Nekazal munduan, «azken urteetan emakumeon lana gehiago erakusteko joera dagoela ikusten dut. Etxeko negozioak izanda, orain arte emakumeen papera bigarren planoan gelditzen zen eta kanpora begira gizona bakarrik ikusten zen. Lanbidea profesionalizatu zelarik, aunitzetan gizonek kotizatzen zuten. Baina egoerari buelta ematen ari zaio, gero eta gehiago solastatzen baita emakume nekazariez». Hala ere, «oraindik lan haundia dago egiteko».

Berari dagokionez, «nik ere balio dudala erakusteko beharra sentitu dut momentu batzuetan, hemen nagoela demostratu behar izatea. Baina ez neska izateagatik bakarrik; gazte hasi nintzen eta ez nintzen lehenagotik honetan aritua. Lau urte pasatu dira, baina egunero gauza berriak ikasten segitzen dut».

Nekazaritzatik kanpo, «feminismoa gizartean pisu haundia hartu duen mugimendua da, eta sektore aunitzetan pausoak ematen ari direla ikusten dut. Neska gazteetan batez ere kristoren indarra ikusten dut, beraien eskubideak defenditzeko grina dute. Lan haundia dago egiteko, baina etorkizuna esperantza haundiarekin ikusten dut. Kontzientzia sortzen ari da».

Hala ere, «gure inguruan ikusten ditugun bidegabekeriei buruz kontziente izan eta hausnarketa ttiki bat egin beharko genuke, gizonek, emakumeok eta denok». Gainera, «antolatutako mobilizazioetan parte hartu behar da, ezin dugu pentsatu dena eginda dagoenik».

Etorkizunera begira erronka nagusia «bizkar gainean hartzen ditugun estereotipoak kentzea» eta «emakumeok urteetan itzalpean egin dugun lan hori errekonozitzea. Memoria berreraikitzeak lagunduko digu etorkizunean hanka-sartze horiek ez errepikatzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun