Redes Eléctricas Inteligentes enpresak Baztango energia enpresendako ordenantza berria errekurritu du

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 10a, 11:00

Irudia: Irantzu Pastor.

Urtarrilean sartu zen indarrean ordenantza, eta energia enpresek eremu publikoetan egiten duten erabilera pribatiboa zergapetzea du helburu

Joan den urteko buruilean, Baztango Udalbatzak energia enpresendako ordenantza berriari hasierako onespena eman zion, EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen babesarekin eta Navarra Sumaren kontrako bozkarekin. Energia elektrikoa, gasa, hidrokarburoa eta uraren goi hornidura garraiatzeko instalazioei eragiten die ordenantzak, eta urtarrilaren 23an sartu zen indarrean.

Udalak atzo jakin zuen Iberdrola taldeko Redes Eléctricas Inteligentes enpresak ordenantzaren kontrako errekurtsoa aurkeztu duela. Otondo alkateak azaldu duenez, «energia enpresak izaten ari diren irabazi alimaleak onartezinak dira. Ordenantza honek udalaren autonomia eta legea baliatuz enpresa hauek zergapetzeko modua eskaintzen du. Energiarena sektore estrategikoa da herritarrendako eta ekonomiarendako eta osoki publifikatu behako litzateke».

Ordenantzak «udalerriko eremu publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia zergapetzen ditu: kableak, hodiak eta galeriak, argindarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak… baldin eta bide publikoetan edo herriko eremu publikoko lurretan paratzen badira».

Gasaren, elektrizitatearen eta hidrokarburoaren sektoreetako enpresei edo ustiatzaileei ezarriko zaie ordenantza, «eremua publikoa erabiltzen badute beren onurarako. Hau da, energia elektrikoa, hidrokarburoak (gasbideak, oliobidea eta antzekoak) eta ura garraiatzen, banatzen, zerbitzatzen eta merkaturatzen duten enpresei, horretarako erabiltzen edo aprobetxatzen dutenak herriko eremu publikoak badira, beren instalazioekin bertako jabetza publikoari eraginez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun