2015eko gobernu aldaketaz geroztik dago postu horretan, nahiz eta 1986tik ari den Nafarroako Gobernuan lanean, bereziki toki administrazioarekin loturiko postuetan: atalburu izan zen lehenik eta zerbitzuburu ondotik. Ekonomilaria da ikasketaz, eta oposizio bidez lortu zuen administrazio publikoan plaza 1986. urtean.
Nafarroako Gobernuan lanean hasi zelarik ekonomilarien artean erdiak emakumeak zirela oroitu du, ez ordea bertze alor batzuetan, ingeniarietan adibidez. Gaur egun, gainera, berak lan egiten duen Ogasun Departamentuan, adibidez, oposizio bidez lanpostua lortzen duten «gehienak» emakumeak direla dio.
Goi kargudunen artean ere emakumeak gero eta gehiago direla nabarmendu du: «Kontziliazioa dela eta, emakumeek garai bat izaten dugu zailagoa izaten dena goi karguak hartzea, lan horiek dedikazio osoa eskatzen dutelako, baina hori aldatzen ari da. Orain kontseilarien erdiak dira emakumeak, eta zuzendari nagusien erdiak ere emakumeak gara. Administrazio publikoan berdintasuna badagoela uste du, nahiz eta ñabardura bat ere egin duen: «Oraindik ere aunitzetan emakumeak izaten dira lan baimenak edo lanaldi murriztuak eskatzen dituztenak, eta horrek diskriminazioa eragiten du».
Berdintasuna espresuki lantzen den alorra dela ere kontatu du: «Orain sail guztietan dago berditasun teknikaria eta lantzen dira berdintasun planak. Hori duela urte batzuk pentsaezina zen. Hala ere argi dio: «Oraindik ere lan egin behar da berdintasun osoa lortzeko».