M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

Elizondon ere jendetza bildu zen plazan atzo martxoaren 8aren harira

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 9a, 11:00

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat baztandar bildu ziren atzo arratsaldean Elizondoko plazan, Baztango Talde Feministak eta Iñarrosi Neska* Gazteen Taldeak deitutako elkarretaratzean. Danbor soinuekin hasi zuten ekitaldia, eta ondotik lau emakumek lau testu leitu zituzten, 'Antolakuntza feministarik gabe eraldaketarik ez' zioen kartela margotzen zuten bitartean. Azkenik, Olaia Inziarteren Zuei abestia kantatu zuten.

Martxoaren 8ko adierazpena

E! Hemen nago! Hemen gaude! Ikusten al nauzu? Ikusten al gaituzu? Hemen gaude eta ari gara. Otsaileko ilargi beteko Jantziloren erretzeak ez baitu zurekin, estruktura zapaltzailearekin behin betiko akitu. 

Aditzen al nauzu? Aditzen al gaituzu? Eta aditu nahi al gaituzu? Aditzea, ikustea nahi dugu eta kasu, ez dezazuela entzun edota ikustea onespenarekin nahas. 

Baztanen lanbroa ez dugu guttitan ikusten, sartu egiten da, nola barneraino sartu gainera. Eta batzuetan aski zail da ateratzen. Zer altxatzen duen ez digunean ikusten uzten. Eguneroko zapalkuntza lanbro artean agertzen da; altxapean, ukitu eta identifikatzen zaila dena baino aldi berean lanbroak bezala zeharkatzen eta inguratzen gaitu ikusezinetik.

Ikusezinetik, ikusezina. Eta zer dugu ba ikusezina? Zaintza lanak. Azken urte hauetan Mugimendu Feministak zaintza erdigunean jarri badugu ere, oraindik aunitz dago egiteko. Bizi garen sistema kapitalista eta hetero-patriarkalak ordaindutako nahiz ordaindu gabeko zaintza lanak bigarren mailako bezala hartzen ditu. Soldata arrakala egundokoa da eta zer erranik ez emakume migratuen inguruan solastatzen bagara. Emakumeen bataz besteko soldata, bataz besteko soldataren azpitik dago (3.171€ gutxiago 2020an), espainiar estatutik kanpoko nazionalitatea dutenen soldata berriz, 9.214€ baxuagoa da, eta nola ez, emakumeok* lana doan egiten jarraitzen dugu. 

Errealitatea gure bailarara lurreratuz, ezin da aipatu gabe utzi zaintza lanetan ari diren emakume guzti horien prekarizazioa. Hala nola, egun eta gau etxeetan lan egiten duten interinena, haur eskolako hezitzaileena, zahar etxeko zaintzaileena edo Benito Menniko langileena. Baztango Osasun Zentroko leihoetara begiratuz “SOS” irakurri ahalko dugu hizki larriz. Bizitzak bazterrean eta kapitala erdigunean paratzen dituen sistema irauli beharrean gaude.

Horretarako, landa eremutik eta landa eremura begira Baztanen mugimendu feminista antolatu eta indartzea beharrezkoa ikusten dugu. Bidea erraxa ez bada ere, hiriko begiradatik kanpo, bizitza erdigunean jarriko duen sistema politiko, ekonomiko eta kultural bat behar dugu.

Hamaika arrazoi ditugu Mugimendu Feminista indartzeko: erasoei eta injustiziei erantzutea, elkar babestea, diskurtso matxistei aurre egitea, espazio askeak sortzea, emakumeen ahalduntzea… Hitz guttitan erranda: feminismoari bide berriak irekitzea. Oraindik helburutik urrun gaude, biolentziak aurrera segitzen du, eta gu ezin gara gibelean gelditu.

Ikusezin egin nahi bagaituzue ere, elkar ikusten dugu. Horregatik, emakume* feministon antolakuntza aldarrikatu behar dugu. Ikusezintasuna eta aditu ezina ez baitago zuen esku, gure esku baizik. 

Antolaketa feministarik gabe, eraldaketarik ez!

GORA BORROKA FEMINISTA!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun