Arizkun Rock jaialdiaren aurtengo edizioa azkena izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 7a, 10:30

Hamar urte pasatu dira jaialdia sortu zenetik eta lan-karga «arras handia» dela adierazi dute antolatzaileek. Eskerrak eman dizkiete antolakuntzan lagundu eta parte hartu duten guztiei eta hurrengo komunikatua zabaldu dute:

Komunikatu honen bidez jakinarazi nahi dugu aurtengo 2023ko Arizkun Rock musika jaialdiaren azken edizioa izango dela. 10 urte pasatu dira Arizkun Rock sortu zenetik. Eta horrez geroztik, milaka istorio, bizipen, pasadizo, bilera, kilometro, huts eta etengabeko ikaskuntza izan ditugu. Gure herrian egon diren publiko, langile, teknikari, musikari eta artistei ahalik eta esperientzia onenak eskaintzeko asmoz.

Ez da bide erraza izan, oztopo eta traba ugari eduki arren, arras kontent eta eskertuak gaude proiektu hau aitzinera eramatea lagundu eta posible egin duzuen guztiekin. Eta modu pertsonalean, urte hauetan eraikitako esperientzia eta laguntasun hauek betirako eramanen ditugu gure bihotzetan.

Erabaki hau aspalditik heldu da, ongi hausnartua. Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako. Urte aunitz dira eta neke-puntua gero eta nabarmenagoa. Jarraipenik ez dagoenez, ziklo hau hestea erabaki dugu. Horrela ulertzen dugu bizitza, dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera.

Esker oneko hitzak besterik ez ditugu urte hauetan guztietan lagundu gaituztenendako. Arizkungo jendeari, Arizkun Rockeko kide izan zinetenei, hainbat zereginetan laguntzeko prest egon zaretenei, merchandising-a erosi diguzuenei, babesleei, honetan sinetsi duzuenei, publikoari, langileei, musikariei eta artistei. MILA ESKER AUNITZ.

Hau ez da hemen akitzen, eta horregatik azken edizioa 2023ko ekainaren 23an izango dela iragarri nahi dugu. Edizio hau aspalditik ari gara maitasun eta ilusio handiz prestatzen.

Arizkungo plazan ikusiko dugu elkar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun