Bihar hasiko du txotx denboraldia Lekarozko Larraldea sagardotegi berrituak

Fernando Anbustegi 2023ko mar. 3a, 12:30

Joan den larunbateko bizkar-bestan parte hartu zuten Eztibeltza kooperatibako kideak eta laguntzaileak, Larraldea sagardotegiaren atarian.

30 urte bete dituen sagardotegia hamabortz lagunek osatzen duten Eztibeltza Kooperatibak kudeatuko du

Urtebeteren ondotik, bihar irekiko ditu bere ateak Lekarozko Larraldea sagardotegiak. Berrikuntza handiekin dator, orain arte Jesus Angel Garcia lekaroztarrak kudeatzen zuen sagardotegia Eztibeltza Kooperatibaren eskuetara pasa baita.

Hamabortz lagunek osatzen dute Eztibeltza kooperatiba, baina horietako hiruk eginen dituzte sagardotegiko bazkide-langile lanak: Xabi Torresek, Oianko Gardek eta Marijo Indaberek. Eztibeltza izena Baztango sagar-mota batetik hartu dute.

Sagardotegian lan eginen duten Oianko Garde, Xabi Torres eta Marijo Indabere. Argazkia: Ondikol

Gan den urtean, Larraldea itxi behar zutela jakitun, Jo ala Jo kultur elkarteko kideek erabaki zuten sagardotegiaren aldeko apustua egitea. Izan ere, hogei urte baino gehiago daramate Arizkungo Gamioxarreko dolarearekin lanean, sagardoa eginez eta Kirikoketa Eguna antolatzen. Lan horrekin segitzeko asmoa dute eta Larraldean eskainiko dituzte otorduez gain, sagardoarekin eta sagardotegiekin lotutako bertze kultur proiektuak ere aitzinera eraman nahi dituzte

Joan den urteko abuztuan eskuratu zuten sagardotegia eta auzolanean berrogei bat lagun ibili dira, sagarra biltzen, sagardoa egiten… Denera 35.000 litro kupeleratu dituzte.

 

Bizkar besta joan den larunbatean

Joan den larunbatean ospatu zuten bizkar-besta eta kirikoketa, sagar-dantza, erraldoiak… eta bertze hainbat ekitaldi izan zituzten. Bihar ateak irekiko dituzte eta maiatzaren 30era bitarte bazkariak eta afariak eskainiko dituzte asteburuetan. Abuztuan ere irekitzeko asmoa dute, eta talderen batek data horietaz kanpo erreserbatuko balu ere, irekitzeko prest daude. Heldu den urtetik aitzinera, sagardotegi garaiarekin batera irekitzeko asmoa dute. www.larraldea.eus webgunea ere sortu dute, Larraldea sagardotegiaren, Gamioxarrea dolarearen eta Eztibeltza Kooperatibaren informazioa ematen duena.

Erraldoiak, kirikoketa, sagar-dantza eta giro ederra izan zen larunbateko bizkar-bestan. Argazkia: Ondikol

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun