Erratzuko bunkerrera bisita instituzionala egin dute ‘Hormigoizko mugak’ proiektuaren barrenean

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 28a, 09:00
Nafarroako Gobernuko eta Espainiako memoria demokratikorako idazkaritzako ordezkariak atzo Erratzuko bunkerraren atarian.
  • San Kristobalgo Gotorlekua Memoria Lekua bezala izendatzeko lantaldea osatu den egun berean.
  • Hormigoizko mugak ekimena, Frankismoaren erregimeneko errepresio erakustaldi baten berri emateko sortu zen.

Nafarroako Lehendakariak, Maria Txibitek, eta Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko Espainiako ministroak, Felix Bolañosek Nafarroara egin berri duten bisitaldian iragarri bezala, atzo arratsaldean eratu zen San Kristobal gotorlekuaren inguruko lan taldea, Memoria Demokratikoaren Legea betetzeko. Horren harira, eta Hormigoizko mugak proiektuaren barrenean, Erratzuko bunkerretara bisita egin zuten atzo Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Hiritarren Harremanetarako kontseilariak eta Fernando Martinez, Memoria Demokratikorako estatu idazkariak.

Hormigoizko mugak ekimena, Frankismoaren erregimeneko errepresio erakustaldi baten berri emateko sortu zen, bortxazko lana, alegia. Milaka egitura militar eraiki behar izan zituzten Pirinio aldean errepublikakako presoek, Munduko bigarren gerraren harira, aliatuen eraso batetik babesteko, nonbait. Erratzuko bunkerrak 1939 eta 1940 urteetan eraiki ziren eta 2019ko udan egindako udalekuetan moldatu zituzten 50 bat neska-mutilek, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuak antolatutako udalekuetan. Alde horretatik, gizarte demokratikoagoa, berdinago eta justuago bat eraikitzeko memoriaren garrantzia azpimarratu zuen Ollo s¡kontseilariari.

Erratzuko bunkerreko informazio panela aztertzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun