Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketako ikastetxe berria eraikitzeko proiektuaren idazketa esleitu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 24a, 17:00

Itxura hau hartuko du Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketa ikastetxe berriak.

Peralta Ayuesa SLP enpresak 435.600 euroren truke idatzi beharko du proiektua, lau hilabeteko epean, eta eraikuntza lanak urte bukaeran edo 2024 urte hasieran hastea aurreikusia dute

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Peralta Ayuesa SLP enpresari esleitu dio Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketako etorkizuneko ikastetxeko obrak burutzeko eta zuzentzeko proiektuaren idazketa, 435.600 eurotan, BEZa barne. Proiektua idazteko epea lau hilabetekoa da. Aurreikuspenen arabera, eraikinak 18 milioi euro inguruko kostua izanen du eta bertze 4 milioi inguru beharko dira ekipamendua ezartzeko. Obrak 2023. urtearen akabailan edo 2024. urtearen hasieran has daitezke, eta 30 hilabete inguruko epea izanen dute lanak egiteko.

600 ikaslerendako lekua izanen du ikastetxe berriak eta gainera, enplegu formakuntzako 6.000 ordu eskaintzeko baliabidea izanen ditu. Gaur egin dute bisita Oronoz-Mugairira Carlos Gimenok, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko hainbat agintarik, baita Joseba Otondo Baztango alkateak eta zenbait zinegotzik eta Jorge Oteiza Oronoz-Mugairiko alkateak ere. Gainera, Iñigo Gorrotxategi eta Igor Arruabarrena, Elizondoko Lanbide Eskolako eta Berako Toki Ona institutu zuzendariak ere bertan izan dira. Gaur egun, Lanbide Heziketa egiten duten 213 ikasle dituzte Elizondon eta 65 Beran.

Nafarroako Gobernuko eta Baztango udaleko ordezkariak, Jorge Oteiza Oronoz-Mugairiko alkatearekin batera, ikastetxea hartuko duen eremuan.

Ikastetxea hartuko duen orubea ikusi ondotik, Oronoz-Mugairiko herriko etxera joan dira, proiektuari buruzko azalpen teknikoak ematera.

Eraikinaren diseinua

Ia energia kontsumorik gabeko eraikina izanen da, moduluka antolatua. Denera 9.370 metro koadroko azalera eraikia izanen du, hiru solairutan banatua. Beheko solairuak 4.475 metro koadro hartuko ditu, lehen solairuak 3.060 metro koadro eta bigarren solairuak 1.835 metro koadro. Eraikinaren gibeleko aldean, ibaiari begira, agroekologia ikasketak hartuko dituen aire libreko eremua diseinatu da, baita aisialdirako gunea ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun