Baztango eta Baigorriko gazteen arteko topaketa antolatu dute bi udalek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2023ko ots. 23a, 12:00

Bixente Hirigarai, Joseba Otondo, Betti Bidart eta Kristina Urrutia, Baztan eta Baigorriren arteko hartu-emana sendotu nahi duen egitasmoaren aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol
  • ‘Atzoko, gaurko eta biharko sareak’ goiburuarekin eginen dute Amaiurren apirilaren 14tik 16ra.
  • Egonaldia urririk da eta parte hartu nahi dutenek 689 03 50 78 telefonora deituz edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidera idatziz eman dezakete izena.

Bi herriek, 12-15 urte bitarteko gazteak, trukaketa egonaldi batean parte hartzera gonbidatu dituzte

Baztango eta Baigorriko udalek bi herrietako gazteen arteko topaketa antolatu dute. Atzoko, gaurko eta biharko sareak izenburupean, bi herriek, 12-15 urte bitarteko gazteak, trukaketa egonaldi batean parte hartzera gonbidatu dituzte, eta apirilaren 14tik 16ra eginen da Amaiurko aterpetxean. Egonaldia urririk da eta parte hartu nahi dutenek 689 03 50 78 telefonora deituz edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidera idatziz eman dezakete izena. Eginen dituzten jardueren artean, mendi ibilaldia, dokumental baten emanaldia, ginkana eta denbora-pasako jokoak daude.

Horren berri emateko, asteazken honetan prentsa agerraldi bat egin zuten bi udalerrietako ordezkariek Baztango Balleko Etxeko sabaian. Joseba Otondo, Baztango alkateak, Betti Bidart, Baigorriko zinegotziak, Kristina Urrutia, Baztango euskara teknikariak eta Bixente Hirigarai, Baigorriko animazioko langileak hartu zuten parte.

Otondok nabarmendu zuenez, historian gibelerat egin behar da bi ibarren arteko lehen harremanak hautemateko. Harremanak mota anitzetakoak izan dira: abere hazkuntzaren inguruan, gerletako errefuxiatuen testuinguruan, kontrabandoari lotuak, elkarteen trukaketak, edota bertzetakoak, biztanleak haran batetik bertzera bizitzera joan direnekoak. Trukaketa hauek Baztan eta Baigorri elkarren artean lotu izan dituzte mendeetan zehar, eta nahiz eta azken hamarkadetan harremana pixka batean galdu, azken aldian berreskuratzeko helburuarekin elkarlanean ari dira, etorkizunean ere hala segi dezaten. 

Bidartek, bere aldetik aipatu zuen udalean berean lan aunitz izaten dela eta aunitzetan egunerokotasunak gainerako guztia gainditzen duela, dena den bi herrien arteko harremana berriz estutzearen alde agertu zen, «garai batean harremanak naturalki sortzen ziren, kontrabandoa tarteko, erraterako. Baztanekin lotura estua izan dugu aspaldidanik, horren erakusle, Baigorri inguruko bizilagunen erdiak kasik Baztanen haurrideak dituela». 

Urrutiak nabarmendu zuenez, Baigorriko Herriko Etxetik ailegatu zen proposamena, eta Baztango Udalean arras ongi hartu zuten ekimena. Elkarlanean hasi ziren eta udaleko zenbait zerbitzuk parte hartu dute antolaketan. Helburu nagusia gazteek elkar ezagutzea bada ere, bertzelakoak ere baditu, memoria historikoaren lanketa erraterako, Alava sarearen edota Comète sarearen inguruko lanketa eginez, euskalkiak ezagutuz elkar aberasteko helburua ere hor dago, baita berdintasun alorrean elkarrenganako errespetua lantzea ere. Ilusioz prestatu dute ekimena, eta dena ongi joanez gero, udazkenean berriz ere eginen dute, kasu honetan baztandarrak Baigorrira joanez. 

Akitzeko, Hirigaraik balioan jarri nahi izan zuen ekimena antolatzeko egindako bidea eta lana. Berriki zabaldu dituzte gutunak Baigorrin, eta laster gazteek izena ematea espero dute. Baztanen, aldiz, pasa den astean zabaldu zuten egitasmoaren berri 12 eta 15 urte bitartekoen artean eta erantzun arras positiboa izan du dagoeneko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun