Ortziralean hasi genuen ospakizuna gazteek puxke biltzearekin. 60 bat lagun bildu ginen 08:30ean gaztetxean; lau sagar dantzari, lau mozorro beltz, lau mozorro xuri, hiru zaku, sagar banatzaile bat eta gainerakoak zirtzilek. Sagar dantzaren azkeneko entsegua egin, bi kohete bota eta Andrea eta Goiatz trikitilarien laguntzarekin Txokoto aldera abiatu ginen. Han gosaldu genuen, barrideek gonbidatuta.
Txokototik goitiko ikastolara eta haur eskolara joan ginen, eta gero plazara, eskolako haurrak han zeudelakoz. Elizondoko Eskolako guraso elkarteak txistorra pintxoak egin zituzten denendako sagar dantza egin genuen. Baztanberri, Saskaitz eta Paularena auzoetan ibili ondotik 18:00etan plazara ailegatu ginen. Han azkeneko sagar dantza eta zortzikoa dantzatu genituen eta Jantzilo erre genuen. Eskertzekoa da herritar aunitzek laguntzeko erakutsi zuten gogoa.
Arratsaldean herriko haurrek desfilea egin zuten plazaraino, eta bertan txokolatada eta dantzaldia izan zuten. Ilunabarrean, berriz, danbor soinuak izan ziren nagusi herriko karriketan eta ostatuz ostatu pintxoak hartuz, giro ederra izan zuten.
Larunbatean orgen desfilea izan zuten: abeslariak, taxistak, kirolariak, pitonisak, mariatxiak, ezkonberriak, animaliak, ogroak, poliziak… Elizondoko karrikak musikaz, kolorez eta giro onez bete zituzten. Azpimarratzekoa azken urteko berrikuntza nagusia, larunbat arratsaldeko dantzaldia plazan. AiZer DJ bikotea izan zen plazan eta sekulako harrera izan zuen, giro ederra paratuz. Hiru orduz egon behar baziren ere, hain gustura ginen denak gauerdira arte luzatu zela besta plazan atsedenik gabe.