Iñaki Sanzberro Goñi

«Gogo pixka bat paratuta, edozeinek balio du alkate izateko»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 19a, 08:00

Hurrengo bi urteetarako alkatea izanen da Sanzberro Erratzun.

Kargu-berritze prozesua izan dugu aurten Baztanen, eta hainbat herritan herritar berriak aurkeztu dira alkatetzara. Erratzun ez zuten hautagairik izan lehenbiziko batzarrean, baina bigarrenean Iñaki Sanzberro Goñi aurkeztu zen alkategai. Orain, herriaren behar eta kezkei begira hasi da lantaldearekin batera.

Nola animatu zinen herriko alkate aurkeztera?

Erratzu herri ttikia da, baina zorionez azken urteotan lantalde bat izan dugu, zortzi bat lagun gaztek osatzen dutena, eta denak nire ingurukoak dira. Haiek aldizkatuz joan dira, bi urtetik behin alkatea aldatzeko, baina aurten tokatzen zitzaionari afera konplikatu zaio, eta ezin izan du kargua hartu. Alkatetza burutan nuen zerbait zen, eta momentua ailegatuta aurkeztu nintzen.

Gogotsu hartu duzu kargua?

Bai. Herri ttiki hauetan, ez badugu herritarrok aitzinerat egiten, gauzak ez dira ateratzen. Erratzun azken 12 urteetan izandako sistema herri gehienetan segitu beharko litzatekeela uste dut; lantalde bat egin eta herritar batzuk ateratzean bertze batzuk sartzea, alkatetza txandakatzeko.

Zein dira alkatearen ardurak?

Oraindik ez dakizkit ongi, baina azken finean herritarren kezkak biltzea eta Baztango Udalera eramatea da ardura nagusia. Horrez gain, herrian ikusten ditugun beharrak asetzen saiatzen gara. Pena da herri bezala ez dugula hainbertzeko botererik, eta gauza gehienak udalera eraman behar ditugula.

Zuretako erraza da aurpegia ematea?

Baietz uste dut, eta neurri batean horregatik animatu naiz. Lehenagotik bertze saltsetan ibili izan naiz eta ohituratua nago jendearen aitzinean egotera.

«Herrian ikusten ditugun beharrak asetzen saiatzen gara»

Nortzuk dituzu kargudunak?

Miguel Etxandi, Juanjo eta Intza Bidart, Markos Aizpurua, Kaiet eta Joxe Itoitz, Xabier eta Leire Irigoien, Xabi Uriarte, Iban Dufurrena… talde polita gara. Eta inguruko jendea ere, alkatetza taldean egon gabe, laguntzeko prest egoten da.

Bilkurarik egin duzue?

Urtarrilaren 25ean egin genuen lehenbiziko bilera. Lehenagotik ere solastatu ginen, herria zein egoeratan zegoen ikusteko, baina orain lan ildoak zehaztu ditugu, aitzineko urtetik egitekoak gelditu ziren gauzak berrartzeko eta gerora zer asmo ditugun erabakitzeko.

Nola eginen duzue lan?

Oraindik ez dugu dena ongi zehaztu. Beharren arabera eta laneko txandak uzten didatenaren arabera bilduko gara. Asmoa hiru astetik behin elkartzea da, baina egiteko haundirik ez dugun asteak ere izanen ditugu. Taldean zazpi-zortzi lagun izanda, lanak denon artean banatuko ditugu, eta gero bileretan bakoitzak egindakoaz solastatuko gara.

Alkate izateak egunerokoan aunitz eragiten dizu?

Bai, beti ordu batzuk eskaini beharko dizkiot alkatetzari. Beharbada ez egunero, baina seguru aski buruhausteak izanen ditugu. Baina hau egin beharreko gauza bat da, eta bi urte hauetan niri egokituko zait lan hori egitea. Alde horretatik, jende gehiago animatu beharko litzatekeela uste dut. Aunitzetan aditzen dira ‘zuk gauza horietarako balio duzu’ bezalako komentarioak, baina gogo pixka bat paratuta, edozeinek balio du alkate izateko. Gainera, interesgarria da Baztango bailararen funtzionamendua ezagutzea eta Batzar Nagusia barnetik ikustea.

Herriko sarreran turistendako aparkalekua eraiki zuten udan.

Eta azken urtean Erdizko meategiaren harira alkateek izandako arazoak ez zaituzte beldurtu?

Ez. Duela 20 urte mendi taldeko juntakidea naiz, eta Erdizko istorioa hurbiletik bizitzea tokatu izan zait hasmentatik. Bere garaian Erdiz Bizirik plataforma sortu genuen, eta nahiz eta azken urteetan saltsa horretan ez egon, mugitu izan naiz eta badakit zer den hor egotea. Mendizale izanda, ez zaizkit sobera gustatzen horrelako proiektuak.

Herriari dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urteetan?

Saneamenduan, adibidez. Urarekin arazo aunitz izan dituen herria da Erratzu, eta duela urte batzuk depositu berria egin zen. Ur-ihesak izaten ditugu urtero, baina gehienak konpondu dira eta orain aise hobe gaude. Honez gain, berriki herriko plaza berritu da.

Eta zein behar ikusten dituzu gaur egun Erratzun?

Orain dugun kezka haundiena herriko ostatua da. Bertze herri aunitzetan bezala, bere garaian Erratzun herriko ostatua genuen, herriko etxe gehienena zena, portzionistena. Etxea arront egoera txarrean zegoen, eta duela urte batzuk jabe guzien artean herriari ematea erabaki zuten, zesio baten bidez. Herriaren esku egonda, duela zortzi bat urte obra haundi bat egin zen, gehienbat teilatua eta kanpoko aldea mantentzeko. Orain, gure erronkarik haundiena etxe horrekin zer egin asmatzea da.

«Herriko ostatua da orain gure erronkarik haundiena»

Beraz, hori izanen da zuen aurtengo helburu nagusia?

Bai, berez aspaldiko urteetako helburua da. Kanpotik forma eman ondotik, orain etxearekin zer egin pentsatzen ari gara. Horrelako lanetan, dirua izaten da arazorik larriena; herriak ez du hainbertzeko dirurik. Bere egunean bagenuena gastatu genuen, eta orain proiektatuari buelta bat eman nahi diogu, dirua nondik lortzen ahal dugun ikusteko.

Turismoa da azken aldian herria kezkatu duen bertze kontu bat. Nola kudeatu da?

Azken urtean egindako berrikuntzen artean, aparkaleku berria dugu, udan herriko sarreran egin zena turismoarekin genuen arazoa konpontzeko. Xorroxin ur-jauzia turistendako nahiko erakargarria da, eta urtero bisitari aunitz izaten ditugu. Duela urte batzuk nahaste bat zen dena, jendea kotxearekin nahi zuen lekuraino sartzen baizen, eta arazo haundiena Gorostapolo auzoan genuen. Hau erregulatzeko, udan, Aste Sainduan eta oporretan udaletxean eskatzen den baimen baten bitartez etortzen dira bisitari gehienak, eta aparkalekuarekin batera, dena ongi kontrolatu ahal izan dugu. Gainera, ordu eta erdiko ibilbide bat markatu dugu turistendako. Herria gehiegi masifikatzea kaltegarria da herritarrendako eta baita kanpotik etortzen direnendako ere.

Kultura aldetik, nola ikusten duzu herriaren eskaintza?

Garai batean Erratzuk bere kultura elkartea zuen, eta orain saiatzen gara; bertso afariak, Gizakunde besta… baina azken urteetan motelago ibili garela erranen nuke. Baliteke nire irudipena izatea, gazteago nintzelarik gehiago parte hartzen nuelako gauza horietan, eta beharbada orain guttiago konturatzen naiz. Hala ere, saiatzen gara ahal dena egiten.

Orain inauteriak hurbil ditugula, nola antolatzen dituzue ospakizunak?

Alkatetza taldeaz gain, herrian lau damunausiak (danbolin nagusiak) ditugu. Lau gazte horiek aritzen dira inauteri eta bestetako antolakuntzan; eskeak, diru-bilketa, musika eta dantzaldiak antolatzea…

Erratzu herri ttikia dela aipatu duzu. Nola ikusten duzu bere etorkizuna?

Nahiko polita. Herri batek etorkizuna izateko, bertako jendea bertan gelditu behar da, eta nik uste gazteak gelditzen ari direla. Horren erakusgarri da eskola; urtero lau-bortz haur berri sartzen dira eta horrek erran nahi du hemen gelditzearen aldeko apustua egiten dutela gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun