Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen III. Mugaz Gaindiko Topaketa ortzegunean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 17a, 17:00

2021ean ere Elizondon egin zuten topaketa.

Jardunaldia debalde izanen da eta otsailaren 20ra arte ematen ahalko da izena

2019an Hendaian eta 2021ean Elizondon egin ziren topaketei segida emanez, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen III. Mugaz Gaindiko Topaketa eginen dute otsailaren 23an Arizkunenean. «Mugaz gaindiko Ekonomia Sozial Eraldatzaile bat saretzeko ekintza plan partekatua eraikitzea» da ekimenaren asmoa, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko kooperatibek parte hartuko dute.

Egun osoko egitaraua antolatu dute, 09:30ean harrera eginen dute eta 10:00etan hasiko da jardunaldia sarrerarekin. 10:30ean adibide batzuen aurkezpena eginen dute ordubetez, eta 11:30ean atsedenaldia izanen da. 12:00etan interkooperazioari buruzko tailerrak izanen dituzte, Zein kooperazio xedeak ikusten ditugu, geroari begira? galdera ardatz hartuta. 14:00etan jardunaldiaren laburpena eta ondorioak mahaigaineratuko dituzte eta akitzeko bazkaria izanen dute.

Ekimena euskaraz eta frantsesez eginen da, eta itzulpena izanen da. Olatukoop, Antic Pays Basque, Andere Nahia, Hemen Elkartea eta Atelier Lan-Berri kooperatibek antolatu dute topaketa, Pirinioko Estrategiaren europar funtsek eta Baztango Udalak lagunduta. Parte hartzea debalde izanen da eta astelehena izanen da izena emateko azken eguna, galdetegia beteta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun