Areto futbol txapelketa solidarioa jokatuko dute apirilaren 5etik 9ra Elizondoko kiroldegian. Bidelagun elkartea eta herrietako eskola ttikiak lagunduko dituzte bildutako diruarekin.
Gehienez hamabi taldek parte hartu ahalko dute kirola eta elkartasuna uztartuko dituen txapelketa honetan eta izen-ematea martxoaren 10era bitarte egin daiteke baztanfutbito@gmail.com helbide elektronikoan. Talde bakoitzak 125 euro ordaindu beharko du.
Unai Obregozo antolatzaileetako batek aipatutakoaren arabera, «Donezteben Eguberrietan egiten duten futbito txapelketa oinarritzat hartuz, Baztanen Aste Saindurako berdintsua antolatzen saiatzen ari gara». Hamabi taldek izena ematen badute, hiruna taldeko lau multzotan banatuko dituzte eta multzo bakoitzeko lehenbizikoek jokatuko dituzte finalerdiak.