Baztango Udalak elikagaien xahuketa murrizteko ekimenaren balorazioa egin du

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 15a, 16:00

Bortz hilabetetan 676,6 kilo fruta eta barazki bildu dituzte, egoera ekonomiko ahulean dauden familien artean banatzeko

Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Hondakin Zerbitzuak elikagaien xahuketaren aurkako ekimena abiatu zuten 2021ean, eta Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Funtsari esker, hozkailu-izozkailu bat erosi zuten, «hondakinen prebentzioa bultzatu eta Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileei elikagai bankuak eskaintzen zituen ohiko elikagaiez gain janari freskoak banatzen hasteko intentzioz».

Elikagai bilketa iaz hasi zuten, Elizondoko Barrutia 12 harategiarekin, eta «zaborretara joatekoak ziren kilo batzuk probestea lortu zen, aunitz eskertu zuten familia batzuen bidez». Abuztuan Ze goxoa fruta-dendak ekimenarekin bat egin zuen, eta Baztango Talde Ekosozialak martxan paratu zuen baratze kolektiboko soberakinekin eta partikularrek emandakoarekin batera, 676,6 kilo fruta eta barazki bildu zituzten, ekonomia ahuleko familien artean banatzeko. Gainera, apirilean gazte topaketa izan zen Baztanen, eta soberan gelditu zen janaria gizarte zerbitzuetara eraman zuten.

Ekimenak, «hondakinak murrizteaz gain, errenta baxua dela-eta egunerokoan produktu freskoak eskuragarri ez dituzten familiei elikagai osasuntsuak kontsumitzeko aukera ematen die». Gainera, hondakinen prebentzioak uraren eta energiaren kontsumoa eta kutsadura murrizten laguntzen du.

Baztango Udalak «eskerrak eman nahi dizkie Barrutia 12 harategiari, Baztango Ze goxoa fruta-dendari, Baztango Talde Ekosozialari eta beraien baratzeetako soberakinak ematen dituzten partikularrei, ekimenean parte hartzeagatik». Honez gain, «janaria xahutzen duten gainerako establezimendu eta erakundeak (komertzio, ikastetxe, zahar-etxe, jatetxe, etab.) ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun