Baztango Udalak eta Oinherrik 'Baztan herri hezitzailea' proiektua abiatu dute aurten

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 18:00

Joan den ortzegunean egin zuten lehenbiziko batzarra eta Baztanen hezkuntza arloan martxan dauden egitasmoak identifikatu zituzten

Baztango Udala eta Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartea lankidetzan aritu dira hondar bi urteetan, eta 2023an ere gaia berrartzeko prozesua martxan paratu dute. Horretarako, «hezkuntzaren arloa modu zabal batean landuko duen elkargunea» osatzea erabaki dute, Baztango ikastetxe, guraso elkarte, udal eta herrigintzako eragileekin. Fase berria hasteko, bi orduko hiru batzar eginen dituzte:

Lehenbizikoa otsailaren 2an egin zuten, eta «herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea» izan zuten helburu. Hezkuntza modu integral batean ulertuta, Baztanen gaurgero egiten diren egitasmoak zerrendatu eta identifikatu zituzten. Gainera, egitasmo hauek aitzinera eramaten dituzten eragileak eta haien arteko elkarlanak aztertu zituzten. Saio arrakastatsua izan zen, 10 eragile eta 20 lagun inguru bildu ziren eta «elkarlaneko ilusio giro ederra» sortu zen.

Bigarren batzarra martxoaren 2an izanen da, eta bertan «hezkuntzarako herri estrategia» garatuko dute. Helmuga konpartitu batera ailegatzeko elkarrekin dituzten erronkak identifikatu eta lehentasunak adostuko dituzte.

Hirugarren batzarra apirilaren 20an izanen da, eta bertan «Baztango hezkuntza elkargunea ezaugarritu» eginen dute, «aitzineko batzarrean definitutako ipar partekaturantz joateko kontseiluari forma emanez». Bertzeak bertze, elkargunea, maiztasuna, funtzionamendua eta elkarrekin egin ditzaketen ekintza eta baliabideak zehaztuko dituzte. Gainera, 2023/24 ikasturtean martxan hasteko plangintza definituko dute.

Elkargunea osatuta, «berau sustatuko duen talde eragile» egituratuko dute, «Baztan herri hezitzailea egitasmoan sakontzeko helburuarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun