Inauteriak 2023

Gizakunde ospatu dute asteburuan Arizkunen eta Erratzun

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 16:00

Jo ala jo kultur taldeak eta Erratzuko elkarteak Gizakunde besta antolatu dute bertze behin

Larunbat eguerdian Arizkunen hasi zuten besta aurten; 25 lagun inguru Gamioxarrean bildu ziren bazkaltzeko. Bazkalondoan prestaketak hasi, mozorrotu, eta herriko plazara abiatu ziren ilunabarrean. Bertan, antzerkiarekin hasi zen ospakizuna; joaldunek, damek, sagar dantzariek, hartzak eta hartza zainak, mozorro zuriek eta mozorro beltzek ikuskizun ederra egin zuten.

Desfilea Erratzura joan zen gaineko bidetik, eguraldia lagun zutela eta ilargi betearen argipean, eta herriari itzulia egin ondotik, Jantziloren epaiketa izan zuten. Urteko arazoak leporatu zizkioten Jantzilori eta herriak sua eskatu zuen, beraz, herriko plazan erre zuten. Ospakizuna akitzeko, 55 bat lagun Erratzuko elkartean bildu ziren afaltzeko eta besta gau osora luzatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun