Laxoa Elkarteko Iturregi eta Sagaseta iruritarrek irabazi dute Nafarroako klub arteko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 6a, 14:00
Sagaseta eta Iturregi lehen mailako txapeldunak txapelekin, bigarren mailako txapeldunekin eta bertze finalistekin batera.

Laxoa Elkarteko Xuban Iturregi eta Jon Sagaseta iruritarrek irabazi dute Nafarroako lehen mailako klub arteko erremonte txapelketa. Larunbatean Iruñeko Labriten jokatutako finalean 35-21 irabazi zieten Agoizko Oses eta Baztani.

Oses eta Baztan ziren azken txapeldunak, baina Iturregi eta Sagaseta nagusi izan ziren finalean. Sagaseta ongi ibili zen sakean eta aitzineko kuadroetan Iturregik ongi bilatu zuen pilota, tantoa akitzeko. Hasieratik bukaerara nagusi izan ziren Laxoa Elkartekoak.

Dena den, lau erremontistek maila bikainean daudela erakutsi zuten eta agudo e•remonte enpresarekin debutatzekoak dira, Erremonte Fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker.

Jon Sagaseta eta Xuban Iturregi gorriz eta Baztan eta Oses urdinez, epailearekin, finala hasi baino lehen.

Bigarren mailako finalean, Agoizko Goyak eta Insaustik 35-26 irabazi zieten Beti Onak taldeko Garcés II.ari eta Sanduari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun