Nerea Mortalena eta Mikel Mindegia

«Baserritarrek gizartea elikatu eta ingurumena zaintzen dute»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 5a, 08:30
Ardi latxarekin egiten dute lan Nerea Mortalena eta Mikel Mindegia arraioztarrek. LAE ARGAZKIAK

32 eta 31 urteko bikote gaztea dira Mikel Mindegia eta Nerea Mortalena arraioztarrak. Bi alaba dituzte, eta 2016tik Indakoa baserrian bizi dira, Mindegiaren sortetxean.

Azaldu dutenez, «Indakoan beti izan dira animaliak, baina 2001ean behi eroen gaitzarengatik behi eta ardiak hil behar izan zituzten, zerotik hasiz». Geroztik, aziendak ofizio izatetik afizio izatera pasatu dira baserrian. Baina Mindegiak «ttikitatik izan zuen aziendatik bizitzeko ilusioa» eta Mortalenak «betitik izan ditu gustuko animaliak», eta duela hiru urte pausoa ematera ausartu zen bikotea.

Noiz erabaki zenuten baserriaren aldeko apustua egitea?

2020an artaldea guregan hartzeko erabakia hartu genuen. Eskuz deizteari utzi genion eta sala bat paratu genuen. Geroztik artaldea haunditzen aritu gara, eta joan den urtean behien nabea ardiendako egokitu genuen. Gaur egun ardi latxarekin egiten dugu lan.

Nolakoa izan zen hasmenta?

Hasmenta guziak bezala, kostata. Gastuek gora egiten zutela ikusten genuen eta horrek dena zailtzen zuen. Lan haundia egin behar da eta etekina momentu honetan ttikia da, baina esperantza daukagu, eta artaldea hobetzean esne gehiago lortzea dugu helburu.

Zein dira zuen asmoak?

Abeltzaintzaren etorkizunak beltza badirudi ere, jendeak animoak ematen dizkigu, ez baita ohikoa bikote gazte batek baserritik bizitzeko apustua egitea. Aunitzek hirietara jotzen dute, baina guk argi dugu; ez dugu baserria galtzea nahi.

Eta zuen laneko filosofia?

Hasteko, proiektu familiarra da, baserrian bizitzeko ilusiotik abiatzen dena. Honen bitartez animaliekiko maitasuna gure alabei transmititzen diegu, eta aldi berean natura errespetatzen ikasten dute. Honez gain, abeltzaintza estentsiboan egiten dugu lan, izan ere, animaliak larrean eta mendian bazkatzean, garbi mantentzen dituzte eta modu aktiboan bizi dira, libreki eta sasoiko fruituaz elikatuz. Animalien ongizatean oinarritutako proiektua da, ardia ongi zaintzen bada, kalitatezko produktuak lortzen direlako. Ardia erditzean, adibidez, bildotsa amarekin egoten da eta bere esneaz elikatzen da, eta horrela kalitatezko haragia lortzen dugu.

Familia proiektua sortu dute Mortalenak eta Mindegiak Indakoa baserrian. LAE ARGAZKIAK

Erraza da gaur egun baserritik bizitzea?

Ez da erraza, nekazaritzatik bizitzeko gauzak aunitz zaildu baitira. Pentsu eta bazkaren prezioak gora egin dute dezente, baita gainontzeko gastuek ere, baina guri esnearengatik edo bildotsarengatik ordaintzen digutenak ez. Ekoizten ditugun produktuen prezioak arras baxuak dira, ez dira errealak. Horregatik da hain garrantzitsua salmenta zuzena; kontsumitzaileak kalitatezko produktu bat prezio onean lortzen du eta abeltzainak, aldiz, produktua prezio duin batean saltzen du. Zuzeneko erlazio hau funtsezkoa da nekazarien biziraupenerako. Lan haundia egin beharra dago oraindik, baina badago poliki-poliki bide honetatik kontsumitzen hasi den jendea.

Zergatik galtzen ari da baserrien ohitura gazteen artean?

Traba burokratikoak, egin beharreko inbertsioak… gazteak gibelerat botatzea eragiten dute. Aunitzendako errazagoa da beren lana izatea, zortzi orduz lan egitea eta bizitzaz gozatzea, inongo loturarik gabe. Nekazarien lana arront lotua da, urteko egun guzietan egin behar da lan, eta ez dute horrelako bizimodurik nahi. Gainera, hilabetero-hilabetero jornal finkoa jasotzen dute, eta nekazaritzan, noski, hau ez da gertatzen.

«Lehen sektorea desagertzen bada dena akituko da»

Baina nekazariak gizartearendako arras inportanteak dira…

Nekazaritza, gizakioi elikagaiak emateaz arduratzeaz gain, gure ingurumenaren zaintzarekin lotua dago zuzenean. Baserritarrek gure mendiak zaintzen dituzte, erreketa lanak eginez, animaliak mendi eta larreetan bazkatzen… eta hori jende aunitzek ez daki. Nekazaritzak desagertzeko bidea hartu du, eta ez gara ohartzen lehenbiziko sektorea desagertzen bada, dena akituko dela. Orokorrean, ez zaio beharrezko balioa ematen. Bertze herrialde batzuetan garrantzia haundiagoa ematen zaio nekazaritzari, abeltzaintzari eta nekazariaren figurari.

Eta zein eragin dute makro-ustiategiek?

Gu nekazaritzaren alde gaude, noski, etxalde ttiki eta ertainen alde, abeltzaintza estentsiboaren alde, ez makro-ukuiluak eta abeltzain intentsiboa. Gure ideologiak ingurumenaren zaintza bermatzen du eta ez dio inolako erasorik egiten. Abeltegi erraldoiek ez diote inolako mesederik egiten ingurumenari, kontrakoa baizik. Ustiapen hauek animaliaren ongizatearen kontra doaz. Gainera, esne ukuilu erraldoien kasuan, animalien hondakinak ez dira behar bezala kudeatzen eta ondorioz nitrato kopuru haundiak uretan bukatzen dute, bertako ekosistemak suntsituz.

Nola ikusten duzue nekazarien etorkizuna Baztanen?

Gainontzeko leku guzietan bezala, afera beltz dago. Hala ere, berri positiboa eta polita da bailaran gazte aunitz abeltzain gisa hasi direla. Baserritarrik gabe, ez zen horrelako Baztan bat izanen, horrelako paisaiak, natura… Baztanek baserritarrak behar ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun