Urteko lehenbiziko hazia erein dute Elizondoko eskolako baratzean

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 2a, 10:00

Abenduan, Olentzero eta Mari Domingiren bisitarekin, Eguzki zaharrari agur erran eta Eguzki berriari ongi etorria eman zioten Elizondoko eskolan. Orain lurra ernatzeko garaia heldu da

Elizondo eskolako ikasle eta irakasleak eskolako baratze inguruan bildu dira eta aitzurrekin lurra kolpatuz, Amalurrari dei eginez, lurra ernatzen lagundu dute. Pirritx eta Porrotxen Oles-oles kantak lagunduta kantu kantari, kolpeka eta irrintzika aritu dira.

Ondoren, urteko lehenbiziko hazia ereiteko probestu dute. Ikasle bakoitzak beren hazia erein du eta hau zaintzeaz arduratu beharko dira aitzinerago baratzean landatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun