Nafarroako EH Bilduko Laura Aznalek eta Bel Pozuetak Elizondoko Zahar Etxea bisitatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 1a, 16:00

Estatuko Aurrekontuetan 4 milioi euroko partida lortu dute zentroko lanak egin ahal izateko

Bel Pozueta EHBilduren Espainiako kongresuko ordezkaria eta Laura Aznal Nafarroako presidentetzarako EH Bilduren hautagaia Elizondon izan ziren atzo, Baztango merkatari eta ekoizleekin biltzeko eta «euren errealitatea eta proposamenak bertatik bertara ezagutzeko».

Elizondoko zaharren egoitzan ere izan ziren Baztango alkate eta zinegotziekin, eta balioan jarri zuten «Madrilen gure taldeak egindako negoziazioari esker Estatuko Aurrekontuetan sartutako 4 milioi euroko partida». Diru hori «zentroa adinekoen ongizatea eta hurbiltasuna ardatz dituen eredura egokitzeko» erabiliko dute, eta «eskualde osoari emanen diola zerbitzua» azpimarratu dute.

Honez gain, adierazi dute «badakigu adinekoek nahiago dutela beren etxeetan egon, eta erakundeetatik aukera hori eskaintzeko beharrezko neurriak bermatu behar ditugu». Horregatik, «Foru Gobernuarekin negoziatu ondotik alderdiak Nafarroako Aurrekontuetan sartzea lortu duen milioi bat euroko partida» nabarmendu du Aznalek. «Etxez etxeko arreta-zerbitzua indartzeko balioko du, eta zerbitzu hori asteburuetan ere emanen da».

Azkenik, «zaintzak erdigunean jarriko dituzten politika publikoen garrantzia» azpimarratu dute; «guk ekin diogu bide horri, eta aurrera egiten jarraitzea da gure konpromisoa, kalitatezko zaintza-programa komunitarioak eta erakunde publikoetan jarraituko dutenak bermatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun