Maitane Maritorena (H)ilbeltza elkarteko kideak adierazi duenez, «urtetik urtera gero eta jende gehiago heldu da Euskal Nobela Beltzaren astera, horren erakusgarri, aurten inoiz baino jende gehiago bildu garela ekitaldi guztietan. Aitzineko urteetan parte hartzen dutenek errepikatu egiten dute, eta urtero bada animatzen den jende berria, hortaz, urtetik urtera arraskasta handiagoa du (H)ilbeltzak. Sumatu dugu jendeak egutegian ilbeltzeko hondar astea markatzen duela euskal literaturan hutsik egin behar ez diren data gisa, Euskal Herriko bazter guztietatik etorri baita jendea ekitaldietara».
«Kontuan hartuz gainera, Baztango zenbait herritan antolatzen direla ekitaldiak -aurten Arizkunen, Anizen, Iruritan, Elizondon, Erratzun eta Oronozen- aukera ematen dugu bertze gisa hurbilduko ez zen jendearengana hurbildu eta Baztango xoko desberdinetara ailegatzeko».
«Giro ezin hobea egon da ekitaldi guztietan, izan sortzaile, antolatzaile, ikusle, entzule… denak bihurtu dira modu batera edo bertzera (H)ilbeltzakide. Harremanak sendotzeko eta elkarrekin ekitaldi kulturalak antolatzeko prestutasuna ikaragarria izan da».
«Akabaila ezin hobea izan zen Ruper Ordorikaren kontzertuarekin, aretoa kaskezurreraino betea. (H)ilbeltza antolatzen dugun kideon partez, esker mila aunitz (H) egiten lagundu diguten guziei!».