Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdiz Bizirik plataformak manifestazioa eginen du apirilaren 22an Iruñean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 30a, 14:00

«Meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzkeela» salatu dute

'Landa eremuaren defentsan' lelopean, apirilaren 22an Iruñeko karriketara ateratzeko deia egin du Erdiz Bizirik plataformak. Azaldu dutenez, «22 urte pasatu dira Gobernu Batzordeak Magnesitas Navarras enpresari Erdizen zundaketak egiteko baimena eman zionetik. Momentu hartan herritarrok ez genuen begi onez ikusi Baztango bazkaleku komunal handiena erdiz-erdi zulatzea, zertarako eta enpresa erraldoi baten sakelak betetzeko. Baztandarron %87 meategi proiektuaren kontra lerrokatu ginen. Gaur egun, oraindik, Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurka jarraitzen dugu».

Mobilizazioa Iruñera mugitzeko arrazoiak azaldu dituzte; «berez guri dagozkigun erabakiak hartu nahi dituzte, eta beharbada, bertara joaten bagara, orain arte entzun (nahi izan) ez dutena entzun beharko dute».

Leloa, berriz, «meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzkeelako» hautatu dute. «Parajeak 476 hektarea ditu, eta horietatik 260 azienda bazkatzeko leku hoberena dira. Zehazki eremu horretan egin nahi da meategia. Baztan da Nafarroa mailan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta Erdiz gakoa da maila hori mantentzeko».

Honez gain, meategiaren ondorioak «landa eremu guztiak pairatuko lituzkeela» azaldu dute; «zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak nahiz iturriak kutsatuko dira eta materialen garraioarengatik hautsa nahiz asotsa hedatuko dira. Horretaz gain, Magnaren jarduerak berak eragin zuzena du herritarren osasunean: Nafarroan CO2 gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da».

Manifestazioaren eguna ere ez da ausaz hautatu: «Lurraren Nazioarteko Eguna da. Landa eremuaren alde kalera ateratzeko egun ezin hobea. Hortaz, manifestaziora gonbidatzen dugu landa eremua defendatu nahi duen pertsona oro. Landa eremuaren defentsan, apirilaren 22an denak Iruñera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun