Iratxe ETXENIKE

«Suizidioa prebenitzeko oinarrizkoa da gaiaz solastatzea»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 29a, 08:00

Iratxe ETXENIKE SARRATEA, Biziraun elkarteko kidea

Suizidioaren inguruko mitoak, gaia lantzearen beharra, laguntza eskatzearen garrantzia... Suizidioari buruzko hainbat kontu paratu ditu mahai gainean zigatarrak. Duela bi urte aita suizidioz galdu zuen.

Isildutako errealitatea da suizidioa, gai tabua eta mitoz inguratua. Eta isiltasun horri ahotsa eman eta mito horiek argitu nahi ditu Iratxe Etxenike Sarrateak (Ziga, 2000). Badaki zertaz ari den, ezaguna baitu gaia: 2020ko abenduan aita suizidioz hil zitzaion. «Kausa aunitzeko gaitza» dela erranez azaldu du suizidioa zer den, eta «kasu bakoitzaren gibelean sufrimendua» dagoela gaineratu du. Gaur egun, Biziraun maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkarteko kidea da eta suizidioari buruzko hainbat hitzaldi eman ditu eskualdean. Gaiaz solastatzearen eta gaia lantzearen garrantzia nabarmendu du. 

Suizidioaren gaia hurbiletik ezagutzen duzu...  

Gure kasuan, 2020ko abenduaren 9an, asteazkenarekin, aita suizidioz hil zen. Horregatik bizi izan dugu gaia hain hurbiletik eta horren harira sartu nintzen Biziraun elkartean. 

Zer sentitu zenuen? 

Galdera hori egiterakoan berriz ere momentu hartara bueltatzen naiz. Mundua gelditu zela sentitu nuen, denborak aitzinera eginen ez balu bezala. Aita hil zenean nire baitan ere, nire izaeran, zerbait hil zenaren sentsazioa izan nuen eta geroztik ez naiz ordukoa. Aitzinetik Iratxe bat nintzen, eta ondotik bertze Iratxe bat.

Zaila da halako egoera gogor bati aurre egitea? 

Ez da erraza. Nik eta amak suerte haundia izan dugu, bai familiaren aldetik, baita auzotarren aldetik ere kristoren babesa izan dugulako. Egun haietan jatekoa ekartzera, solastatzera edo laguntzera etortzen ziren. Nire kasuan lagunak ere sostengu emozional haundia izan dira, bai herriko lagunak eta kuadrilla, bai unibertsitateko lagunak... Hasmentatik laguntza sozial hori izan dut eta babestua sentitu naiz. 

«Suizidioz norbait galtzean kulpa sentimendua ikaragarria da»

Ondokoa galtzeak eragiten duen mina gogorragoa da suizidioa baldin bada? 

Bai, dudarik gabe. Norbait suizidioz hiltzen zaizunean galdera aunitz gelditzen dira airean. Konparazio batera, pertsona bat minbiziarekin edo bihotzekoak jota hiltzen denean, baduzu kausa bat, badakizu bere organismoan zerbait ez dabilena ongi eta horregatik izan dela. Suizidioz hiltzen denean, ordea, badira hainbertze kausa. Eta gainera, gelditzen diren galdera horien artean aunitzetan pentsatzen duzu 'Eta nik zerbait gehiago egiten ahal nuen?', 'Nola ez nintzen ohartu?'. Kulpa sentitzen duzu. Suizidio bidez norbait galdu dugunon artean ikaragarria da kulpa sentimendua. 

Baina posible da horri buelta ematea... 

Bai, posible da. Biziraun elkartean aunitzetan galdegiten digute zenbat denbora behar den buelta emateko. Pertsonaren arabera aunitz aldatzen da, baina posible da. 

«Ematen du suizidio hitza aipatze hutsarekin erakarriko duzula»

Gaiak gizartean tabu izaten segitzen du. Zergatik? 

Oinarri-oinarritik hasita, orokorrean heriotza bera ez da batere lantzen, eta horri suizidio bidezko heriotzaren plusa gehitzen badiozu, jendea izutu egiten da. Ematen du suizidio hitza aipatze hutsarekin erakarriko duzula. Horren gibelean beldurra eta ezjakintasuna ikusten ditut, hortik urrun mantendu nahi dugu.

Ezjakintasuna aipatu duzu.... 

Bai, ez dakigulako suizidioa zer den eta zer egoten ahal den horren gibelean, ez dakigulako nola landu edo nola identifikatu... Gaia ez dugu batere kontrolatzen, eta gainera, horrenbertze ondorio negatibo inplikatzen dituen gaia izanda, ikara haundia ematen du.

Isildutako gaia da suizidioa. Zenbat laguntzen ahal du gaiaz solastatzeak? 

Izugarri. Suizidioaren prebentziorako edo gaia lantzeko hori da oinarri-oinarrian egin behar dena, gaiaz solastatu. Zentzu aunitzetan laguntzen ahal du. Suizidiorako ideia buruan duena baldin banaiz eta norbaitek gaiaz solastatzeko aukera ematen badit, nire antsietate maila jaitsi daiteke. Edo suizidio bidez norbait galdu duena baldin banaiz, eta norbaitek gaiaz solastatzeko aukera ematen badit, horrek lasaitasuna emanen dit, motxila hustea bezala da.

Suizidioaz solastatu bai, baina nola? 

Aunitzetan gizartean morborako joera dugu eta aitaren kasuarekin horixe ikusi genuen. Hor daude betiko galdera mitikoak: Nola egin zuen? Zein metodo erabili zuen? Nork harrapatu zuen? Kartarik utzi zuen? Karta utzi bazuen zer paratu zuen kartan? Detaileei buruzko galderak dira. Eta horrez gainera, gure kasuan, 'Zure aita koldar hutsa zen' edo 'Zure aita ausarta izan zen' bezalako komentarioak ailegatu zitzaizkigun. Halakoek ez dute laguntzen, hitz horiek soberan daude. 

Halako egoeratarako zein aholku emanen zenuke? 

Jendeari solastatzeko deia eginen nioke, baina afera da nola. Gauzak erran baino lehenago ongi pentsatzeko aholkatuko nuke, galdetzen ari garena zergatik galdetzen dugun bi aldiz pentsatzeko. Inportantea da pertsona batengana hurbiltzea, baina egiatan nahi duzulako egin behar duzu, pertsona horrek behar duela egiatan pentsatzen duzulako. Hurbilpen hori errespetuarekin egitea ere arras inportantea da. Norbaiti 'Zein metodo erabili zuen?' galdetzeak ez du funtsik. Helburu nagusia pertsona horri laguntzeko baliabideak ematea da, eta ez morbo kontuetan sartzea.

Suizidioaren prebentzioan zer da garrantzitsua? 

Jarrera garrantzitsua dela erranen nuke. Hori ere ez da egun batetik bertzera kanbiatzen. Nire kasuan, aita hil aitzinetik suizidioaren inguruan nuen jarrerak eta orain dudanak ez dute deus ikustekorik. Hasteko, ditugun aurreiritziak kendu behar ditugu. Ez dugu pentsatu behar bertzeen gainetik gaudela edo pertsona horiek erotuak daudela. Hurbilpen zintzoa egin behar dugu; egoera horretan bazaude, solastatu gaitezen, baina errespetuz. Solastatzeko jarrera proaktiboa behar dugu, ez izutu edo ez gelditu schok egoeran ez dakizulako nola hurbildu suizidio bidez norbait galdu duen horrengana. Hurbil zaitez eta erraiozu aunitz sentitzen duzula pasatu zaiona. 

Zein alorretan egin behar da prebentzioa? 

Alor guzietan egin behar da. Aunitzetan erraten da osasun publikoan landu beharreko arazoa dela, baina alde guzietan egin behar da: osasun arloan, irakaskuntzan, familian, lagunartean... Zenbat eta alde gehiagotan landu, orduan eta babes faktore gehiago izanen dituzu.

«Bi seinale mota daude: hitzezkoak eta hitzezkoak ez direnak»

Isilean eta ustekabean etortzen dira kasu aunitz, baina seinaleak izaten omen dira. Nola detekta daitezke? 

Hitzaldiak ematen ditugularik bi seinale mota bereizten ditugu: hitzezkoak eta hitzezkoak ez direnak. Seinale horiek ikusten ditugularik ez gara gai horien gibelean zer dagoen interpretatzeko. Hitzezko seinaleen kasuan, beharbada ez dute esplizituki suizidioa buruan dutela erranen, baina sufritzen ari dela adierazten duten seinaleak eman ditzakete: ez dutela lo ongi egiten, hilabete aunitz daramatzatela lanean gustura ez daudela... Arras inportantea da suizidio baten gibelean beti sufrimendu istorio bat dagoela barneratzea eta horren gibelean igortzen ahal diren seinaleak izan daitezke lo ezin egina, lanean gustura ez egotea, lanera faltatzea, alkohola aunitz edaten hastea... Igual momentuan ez dituzu seinale horiek entendituko, baina suizidio kasu bat izan eta gibelera begiratzerakoan hasiko zara seinale horietaz konturatzen. 

Suizidioaren inguruan estigma haundia dagoela uste duzu? 

Bai. Eta estigma horrekin lotuta suizidioaren inguruko mitoak daude. Gizartean badira egiazkoak direla uste dugun pentsaera batzuk, baina errealitatean ez dira horrela, gezurrak dira, eta horiekin, aunitzetan ohartu gabe, min haundia egiten ahal diogu ondokoari. 

«Suizidioei buruzko mitoekin min haundia egiten ahal da»

Suizidioa: XXI. mendeko bertze pandemia jardunaldiak egin dituzte berriki, eta suizidioaren mitoez aritu dira... 

Suizidioaren gaian gehien interesatzen zaidana mitoak dira. Herriz herri eta ahoz aho dabiltza, eta ez gara konturatzen gezurrak direla. Konparazio batera, mito horietako bat da arazo larriak dituzten pertsonak bakarrik suizidatzen direla pentsatzea eta hori gezurra da. Zer da arazo larri bat? Zuretako arazo larria dena igual niretako ez da hala. Jendeak bi aldiz pentsatu gabe irensten ditu horrelakoak eta kristoren mina egiten ahal diote ondokoari. Antiojo beltzak bezala dira, nolabait bista itsutzen dutenak, eta ez gara ohartzen zer ari den gertatzen gure inguruan.

Zein dira orokortutako mitoak? 

Suizidio bidez hiltzen diren horiek ez dutela erraten, arazo larriak dituztenak bakarrik hiltzen direla suizidioz, buruko arazoak dituztenak hiltzen direla suizidioz, gaztetan ez dagoela suizidiorik... Arras orokortutako mitoak dira. 

Nafarroako Gobernuaren arabera, 2021ean 58 suizidio izan ziren Nafarroan, aitzineko urtean baino % 31,8 gehiago. Eta saiakerak aunitzez gehiago izan omen ziren. Zer diozu horren inguruan? 

Kausa argia zein den jakin beharko genuke, baina nik uste dut pandemiaren ondorio bortitzenetako bat izaten ahal dela. Elkartean ere maiz aipatu izan dugu. Pandemiaren ondorioz, errutinak alde batera gelditu ziren, bakartuta egotera behartu gintuzten... Biziraun-en garbi dugu suizidioaren prebentzioan sostengu sozialak kristoren indarra duela. Pandemiak egun batetik bertzera sostengu sozial hori gabe utzi gintuen, eta datu horiek pandemiaren eraginetako bat izaten ahal dira.  

Biziraun elkarteko zuzendaritza batzordean zaude. Nola aurkeztuko zenuke elkartea?

Elkartea semea suizidio bidez galdu zuten bi gurasok sortu zuten. Garai hartan, EAEn ez zuten suizidioz norbait galdu zutenen elkarterik harrapatu, eta babes bila eta beraien egoeran zegoen jendearen bila Madrilera eta Bartzelonara joaten hasi ziren. Urte batzuen buruan hemen elkartea sortzeko pausoa eman zuten, eta gaur egun, suizidio bidez norbait galdu dutenei sostengua ematea da bere funtsa. 

Zuri ere eman dizu?  

Bai, bai, haundia.

Elkartearen webgunean eta zuk ere «suizidioz hildakoak» aipatzen dituzue. Zergatik hori? 

Hau nire iritzia da, elkartean ez dugu aunitzetan aipatu. Suizidioz hil dela erratea leunagoa iruditzen zait. Suizidatu da adieraztea onartzeko gogorragoa egiten zait. Minbiziz hil edo istripuz hil erraten dugun bezala, suizidioz hil erraten dut. Bertze gaitz baten pare.   

Gaitza aipatu duzu. Zer da zuretzat suizidioa? 

Gaitz indartsu bat, kausa aunitzekoa. Edozein etxetan izaten ahal da eta lanketa haundia behar du. Garrantzitsua da ikusaraztea. 

Biziraun elkarteko elkarlaguntza taldearen bileran hartutako irudia.

Zein dira Biziraun elkartearen helburuak? 

Helburu nagusia suizidioz norbait galdu dutenei babesa ematea da, eta horren harira, urteekin prebentziorako hitzaldiak ematen hasi gara, ikastetxeetan sentsibilizazio saioak egiten ditugu, komunikabideetan dibulgazio lana... Helburu nagusiak prebentzioa eta postbentzioa dira, hau da, suizidioaren ondotik horrekin zer egin lantzea. 

Hainbat hitzaldi eman dituzu eskualdean, tartean, Lesakan, Donezteben eta Elizondon. Gaiaren inguruan nolako jarrera sumatu duzu? 

Mugimendu gehiena gazteen aldetik ikusi dut eta hitzaldi guztietan erran dute beharrezkoa dela gaia lantzea. Horrez gain, feedbacka ikaragarria izan da. Jende aunitz hurbildu da eta interes haundia sortu dute. Suizidioa erronka bat dela argi gelditu da eta horren aitzinean jarrera positiboa ikusi dut jendearen artean, mentalitate irekia. Eta zein da horretarako lehendabiziko pausoa? Gaiaz solastatzea.  

«Suizidioaren inguruan denak kapaz gara laguntzeko»

Zein mezu luzatuko zenieke irakurleei? 

Suizidioaren inguruan denok laguntzeko gaitasuna dugula azpimarratzea inportantea iruditzen zait. Ez dugu psikologoek, psikiatrek, edo oro har, profesionalek esku hartu arte esperatu behar. Denak kapaz gara laguntzeko, bai suizidioaren ideia buruan duenari, bai saiakera egin duenari, baita suizidioz norbait galdu duenari ere. Aunitzetan kafe bat hartzeko gelditu nahi duen galdetzea bezalako keinu ttikiekin aunitz laguntzen ahal dugu. 

Eta aholkuren bat emanen zenieke? 

Aholku zuzena laguntza eskatzea da eta hori da hitzaldien akabailetan aipatzen dudana. Teorian erraza da, eta praktikan norberak bere mugak izaten ditu, baina laguntza eskatzea arras inportantea da. Eta horrekin batera oroitu ez zaudela bakarrik, suizidioa buruan baduzu, saiakera egin baduzu eta norbait galdu baduzu. Seguru egon zaitez kanpoan norbait izanen dela zuri aditzeko eta laguntzeko prest. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun