Jone Mitxelena Laurnagarai

«Talde propioa edukitzea lagungarria da LGTBIQ+ kolektiboarendako»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 28a, 12:30
Jone Mitxelena Laurnagarai, Harro Baztan taldeko partaidea.

«Gasteiz eta Baztan artean bizi den neska gaztea» da Jone Mitxelena Laurnagarai (Elizondo, 1997). Baztango Gazte Asanbladaren parte da, eta bertze hainbat kiderekin batera, Harro Baztan taldea sortu dute.

Zer da Harro Baztan?

Baztanen sortu dugun LGTBIQ+ kolektiboko jendeak osatutako taldea.

Nola sortu zen taldea?

Urri edo azaro aldera hasi ginen ideia lantzen. Gazte asanbladaren barnean talde ttipiagoak sortzeko beharra ikusi genuen, hainbat gai hobeki landu ahal izateko. Gutako batzuk LGTBIQ+ kolektiboaren errealiatea lantzea beharrezkoa zela ikusi genuen, eta hortik sortu zen taldea.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

Bi talde berezi ditugu: Harro Baztan talde orokorra eta lan taldea. Talde orokorrean jende gehiago gaude, 23 pertsona, eta informazioa zabaltzeko helburua du gehienbat. Lan taldean gutiago gaude, 11 lagun, eta bigarren talde honek konpromiso haundiagoa eskatzen du, hau izanen baita gaia sakonago landu eta nondik jo erabakiko duena. Momentuz gehiengoa gazteak izan arren, adin tartea zabala da bi taldeetan.

Talde irekia da?

Bai. Hau hasmentatik garbi izan genuen. Adinaren kontuak kezkatzen gintuen gehienbat. Lehen aipatu bezala, gazte asanbladatik sortutako talde bat da baina horrek ez du erran nahi gazteontzako bakarrik denik. Lehenbiziko bilera egin genuenean, beldur edo lotsa pixka batekin zetozela aitortu bazuten ere, jende helduagoa hurbildu zen eta arras kontent gelditu ginen. Arras aberasgarria iduritzen zait elkarrengandik ikasteko aukera izatea.

Baztanen horrelako talde baten beharra ikusten zenuten?

Bai. Alde batetik lagungarria izan daiteke kolektiboko jendearendako, gure artean bizipenak elkarbanatzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematen baitigu. Horrelako espazio bat izateak lasaitasun puntu bat ere ematen duela uste dut; aunitzetan, gure inguruan espazio seguru bat izan arren, lagungarria izaten da gure prozesu bera edo antzekoa bizi izan duen norbaitekin solastatzeko aukera izatea. Eta zer erranik ez bere inguruan ez badu espazio seguru hori aurkitzen. Bertzalde, kolektibokoa ez den jendearendako ikasteko aukera bat izan daitekeela uste dut.

Zein dira zuen helburuak?

Duela gutti sortu den talde bat izanik, helburuak oraindik guztiz finkatu gabe daude, baina erranen nuke helburu nagusiak saretzea eta ikastea direla. Horrez gain, uste baino ohiko eta ugariagoak diren erasoen aitzinean babesa eta erantzuna ematea.

Erregulartasunez biltzeko asmoa duzue?

Momentuz bilera ireki bakarra egin dugu. Lan taldekoak pare bat aldiz elkartu ginen eta erabaki genuen Eguberrietako oporrak aprobetxatuz Baztango Gaztetxean bilera bat egitea. Hasmenta bat emateko aprobetxatu genuen bilera hori, ikusteko bakoitzaren esperientzia eta beharrak zein diren. Hemendik aitzinera gaia sakonago lantzen hasiko gara eta momentuz hurrengo bilera otsailerako finkatu dugu.

Zein erranen zenuke dela gaur egun LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen egoera Baztanen?

Uste dut aunitzek Baztandik kanpo aurkitu dugula gure lekua. Erran beharra dut nik zortea izan dudala inguruan eduki dudan jendearekin eta Baztanen ez naizela inoiz gaizki egon aspektu horretan, baina aste tartez Gasteizen bizi naiz eta han sortu dudan taldea nahiko diferentea da.

Eta orokorrean nola ikusten duzu euskal landa eremuaren egoera?

Baztango egoera euskal landa eremuetara orokortzen ahal den egoera dela uste dut. Hirietara hurbildu ahala, aniztasun gehiago dagoela ikusten dut eta badirudi landa eremua pauso bat gibelago dagoela beti. Baina horretara etorri gara, pauso hori ematera, guk ez badugu egiten inork ez duelako eginen.

Horrelako talde bat beldurrik gabe sortu ahal izateak eta harro aldarrikatzeak, egoera hobera doala adierazten du?

Dudarik gabe. Abenduko bileran batek baino gehiagok aipatu zuten aunitz eskertu izanen zutela horrelako talde baten presentzia Baztanen gazteak edo gazteagoak zirenean. Beraz, lagungarria izan daiteke gaur egungo nerabeendako. Bertzalde, helduendako ere arras lagungarria dela uste dut, erlazionatzeko eta ikasteko espazio berri bat izan daiteke eta.

2022an lehenbizikoz elkarretaratzea egin zen Elizondon Harrotasunaren Egunean. Aurrerapauso bat da?

Bai. Ni ez nintzen egon Gasteizko elkarretaratzean nengoelako, baina aditu dut jendeak emozio handiz bizi izan zuela. Aurten Baztanen gelditzeko asmoa dut eta espero dut borrokarako eta ospakizunerako egun eder bat izatea.

Elkarretaratzean sexilioaz solastatu zen; normatibitatetik kanpo dauden herritarrak toki seguru baten bila lekutzea. Errealitate bat da Baztanen?

Bai, errealitate bat da hemen. Landu beharreko gai bat dela iruditzen zait. Uste dut, edo pentsatu nahi dut bederen, gaur egun ez dela hainbertze ematen baina aunitz izan dira Baztandik alde egin behar izan dutenak leku seguru bat aurkitzeko eta lasai bizitzeko.

Zergatik da hain garrantzitsua gai hauei agerikotasuna ematea?

Aitzineko galderarekin lotuz, hau berriz ere gertatu ez dadin. LGTBIQ+ kolektiboko jendea denbora luzez egon da zapaldua (eta oraindik segitzen du) eta hau aldatzeko garaia da. Aurrerapausoak ematen ari gara, mantso bada ere, baina aunitz dugu borrokatzeko oraindik.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Jendea taldean sartzera animatu nahi dut. Konpromiso maila ezberdina izan dezake bakoitzak eta polita izanen da denen artean talde hau eraikitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun