Baztanekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanendako beka deialdia zabaldu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 13:30

Gehienez ere lau lan sarituko dituzte, 500 euroko bekarekin bakoitza. Gaurtik hasita, hilabeteko epea izanen da proposamenak udalean aurkezteko.

Urtero bezala, Baztango Udalak bailara ikergai duten ikasketa amaierako proiektu eta lanendako dirulaguntzen deialdia zabaldu du. Gaurtik hasita, interesatuek hilabeteko epea izanen dute lan proposamenak udalean aurkezteko. Gradu eta master akaberako lanak onartuko dituzte, eta aurkeztutakoen artean 500 euroko lau beka emanen dituzte.

Deialdiaren helburua «Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango geroari buruzko kezka eta interesa piztea eta, beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak helburu horretarako egitea» da. Proiektu eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira.

Parte hartu nahi dutenek lan edo proiektuaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez ere lau orrikoa. Memoriak lanaren tutorearen ongi ikusia izan beharko du, eta bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehazten ahalko dira.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osatutako batzordeak baloratuko ditu: Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak, Lekarozko Institutuko zuzendariak, Cederna-Garalurreko teknikariak, Baztango alkateak eta udal idazkariak. Balorazioan, arloko adituekin kontsultak egiten ahalko dituzte.

Dirulaguntzaren deialdia eta baldintza guziak eskuragarri daude baztan.eus webgunean. Edozein zalantzetarako udaletxera deitu edo joan daiteke.

Hamaika dirulaguntza

2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik denera hamaika laguntza eman dira eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen; XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia;  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea; Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa; Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa; emakume etorkinen egoerari buruzko lana; Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat; Baztango turismoa iraunkorra al da? azterketa; Baztango kaparetasun unibertsalaren bilakaerari buruzko Ikerketa; Anizko Jauregia esnekietarako postretarako esneki berri baten diseinua; eta iazkoa, autokontsumo partekaturako potentzialitate fotovoltaikoaren azterketa Berroetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun