Venezuelako El Maizal komunako ordezkarien bisita izan dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 17:30

Angel Prado, Venezuelako Simon Planas udalerriko alkatea eta El Maizal komuna sozialistako buruzagia, Euskal Herrian eta Katalunian bisitaldiak egiten ari da aste hauetan, Demokrazia Komunalaren sareak gonbidatua. Atzo Baztanen izan zen.

Prado Joseba Otondo alkatearekin bildu zen Baztango Udaletxean, eta Venezuelan bultzatzen ari diren eraketa komunala izan zuten solasbide, Baztango kultura komunalaz solastatu bidenabar. Ondotik, Lekarozko Larraldean abiatu duten Eztibeltza kooperatiba agroekologikoaren proiektua ezagutu zuen. Bazkalondoan bilkura irekia egin zen Amezti elkartean, El Maizaleko proiektu komunalaz mintzatzeko, Venezuelak bizi duen kanpo-eraso eta blokeoaz aritzeko, eta prozesu bolibartarraren egoeraz eguneratzeko.

Simon Planas eta El Maizal

Simon Planas 60.000 biztanleko udalerria da, 808 kilometro karratuko hedadurarekin. Lurralde osoa komunetan antolatu dute, denera 12 komuna daude horien barnean eta 112 kontseilu komunal. Udalerria batez ere nekazaritzari emana da, eta ekoizpen aipagarrienak artoa, azukre-kanabera eta kafea dira. Abeltzaintzari buruz behien eta zerrien hazkuntza da nagusi.

El Maizal komuna sozialistan 3.000 familia bizi dira, 12 kontseilu komunaletan. Ekonomia Sistema Komunala antolatu dute, ekoizpen jarduerak antolatuz, ekoizpen unitateekin. Lur komunalak aprobetxatuz, ekoizpen unitateekin esnea, gasna eta haragia ekoizten dute. Ereiteko eta lurra mekanizatzeko unitateak dituzte. Elikagaien biltegiratze gunea dute eta kafea eta artoa eraldatzeko artisau industria, baita gasa etxeetarat banatzeko sistema ere. Lur kolektiboak ez direnetan baratzekiak ekoizten dira eta zerriak hazten. Gainera, ekoizpen guztiak banatu eta merkaturatzen ditu Komunak.

Baztango Udalak adierazi duenez, «Ekonomia Sistema Komunalarekin eta horren araberako erakundetze eta antolaketa politikoarekin bizimodu duin eta bidezkoa antolatu nahi dute, justizia sozialean oinarritua, inor menpean hartu gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun