Sara Dorregaray Oyaregui

«Herria aunitz maite dut, parajeak, karrikak eta jendea»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 21a, 09:00

Azken agintaldian herriko karguduna izan zen Sara Dorregaray iruritarra. Aurten, oraindik alkatetza talderik sortu ez den arren, herriari laguntzen segitzeko prest agertu da.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Herria maitatu eta zaintzeagatik edozein gauza eginen duen iruritarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Naturan ibiltzea, bere sekretu eta xokoak harrapatuz. Musika eta eskubaloi zalea naiz, baina ez dut nahiko nukeen denbora denetan aritzeko.

Zein ikasketa egin dituzu?

Arkitektura ikasketak burutu nituen Iruñean, masterra Madrilen eta momentu hauetan doktoretza egiten ari naiz.

Iruritako alkatetza taldean egon zara azken agintaldian. Zergatik?

Aukera eman zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Herria aunitz maite dut, parajeak, karrikak eta jendea. Herri ttikietan gauzak egiteko gogoa beharrezkoa da, eta nik soberan daukat. Formakuntzarengatik herriari laguntzeko aukera aunitz ditudala uste dut.

Lan haundia da?

Pello alkateak jende gogotsuz inguratzea lortu zuen, eta horrek lana erraztu zuen. Posible izan dudan guzietan gomendioak eta lanak egin ditut, nahiz eta nahi baino gutiagotan izan ikasketengatik.

Arkitektoa izateak laguntzen du?

Bai, gauza haundirik egin ez dugun arren. Gehienbat eraikuntza eta karrikei dagokienez, bertze sentsibilitate bat daukagu, gure formakuntzaren parte delako. Dokumentu eta lanen prestakuntzan ere gai aunitz kontuan izan behar dira.

Zein behar ikusten dituzu herrian?

Larriena herriko irisgarritasun arazoa da. Egoera txarrean dauden sobera espaloi ditugu, batez ere herrigunean. Uraren azpiegiturak ere argitu eta konpontzen akitu behar da, azken udan gogorki lanean aritu diren arren, aunitz gelditzen baita.

Gazteak inplikatzen dira?

Urte aunitzez errelebo arazoa izan da, baina ez inplikazio ezagatik.Badirudi orain gazteak gehiago inplikatzen direla, intentzioak behinik behin badira.

Kargudun izaten segituko duzu?

Gustatuko litzaidake, nahiz eta nire esku ez egon. Alkatearen lan egiteko moduaren arabera antolakuntza desberdina izaten da. Ni prest nago segitzeko.

Zure asmoak epe motzera?

Herritarrendako gauza ttikiak egiten segitzea, nahiz eta momentuan aisialdi sobera ez eduki gehiago inplikatzeko.

Eta epe luzera?

Doktoretza akitzea eta herriarengatik gauza handiagoak egitea gustatuko litzaidake, adibidez, ondare naturala, kultura eta turismo jasangarria sustatzeko planak lantzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun