Estatu espainiarreko behi esne ekologikoko haztegien elkarteko lehen batzarra Anizen eginen dute otsailaren 4an eta 5ean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 19:00
Topaketa Anizen eginen dela baliatuz, Jauregia Esnekiak ere bisitatuko dute behi esne ekologikoko ekoizleek otsail hasieran.

Bi urteko geldialdiaren ondotik, estatu espainiarrean behi esne ekologikoa ekoizten duten haztegien bosgarren topaketa eginen dute otsailaren 4an eta 5ean Anizen. Aldi berean, sortu berri den AGALVE behi esne ekologikoko haztegien elkarteko lehen batzarra ere eginen dute.

Egitarau zabala

Otsaileko lehen asteburua mugitua izanen da Anizen, dudarik gabe. Izan ere, otsailaren 3an, ortziralean ailegatzen direnendako afaria antolatua dute Anizko Mendiarte elkartean.

Otsailaren 4an, larumbatean 09:00etan hasiko dira topaketekin. 09:30ean Nafarroan sektorearen egoera zertan den azalduko dute eta 09:45ean solasaldiak izanen dituzte komertzializazioaren egoeraz, lanaren kudeaketaz eta bertze zenbait gaiei buruz. Kafea hartzeko tartearen ondotik, 11:45ean ondorioak azalduko dituzte. 14:15ean bazkaria izanen dute Mendiarte jatetxean, 16:00etan Jauregia Esnekiak bisitatuko dute eta 18:00etan eginen dute AGALVE elkartearen batzarra. 21:00etan afaria izanen dute Lekarozko Larraldea sagardotegian.

Otsailaren 5ean, igandean 08:30ean INTIA erakundeak Orreagan duen ustiategia bisitatzera aterako dira. Kafearen ondotik, Orreagako ustiategia bisitatuko dute eta Orreagan topaketaren ondorioak elkarbanatuko dituzte. Akitzeko, 14:30ean bazkaria eta topaketen akabaila izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun