Lixura Baztan enpresa publikoak 764.122,64 euroko aitzinkontua izanen du aurten

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 15:00

Garbiketa zerbitzuaz gain, Baztan Haur Eskolaren kudeaketaz arduratzen da sozietate publikoa. Gaur egun 27 lanpostu kudeatzen ditu: 13 garbiketa sailean eta 14 haur eskolan.

Abenduaren hondarrean bildutako administrazio kontseiluak Lixura Baztan udal sozietate publikoaren 2023 urteko aitzinkontua onartu zuen, denera 764.122,64 eurokoa; garbiketa eta haur eskolaren sailak elkarturik. Lehenaren aitzinkontua 317.234,69 eurokoa da eta bigarrenarena 446.888,15 eurokoa. Nolanahi ere, udalaren aurrekontu orokorra onartzerakoan udalbatzak berretsi beharko du.

2022ko urtarrilaren 1ean hasi zen Lixura Baztan udalerriko eskolak eta mediku kontsultategiak garbitzeko udalaren enkarguarekin, 11 laguneko lan-taldearekin. Iazko urtearen hondar aldean udalaren, liburutegiaren, bake epaitegiaren eta Arizkunenea kultur etxearen garbiketak ere bere gain hartu zituen, Aspacek lan horiek egiteaz utzi baitzuen. Horretarako, Aspaceko langileak subrogatu zituen Lixurak, hortaz, une honetan 13 langile ditu. Modu berean, iazko udan garbitzaileen lan-poltsa osatzeko lan eskaintza deialdi publikoa egin zuen udal sozietateak.

27 langile ari dira denetara

Aldi berean, 2022an haur eskola kudeatzeko enkargua eman zion udalak Lixura Baztani, hortaz, 2022-2023ko ikasturtea enpresa publikoa kudeatzen ari da, denera 14 langilerekin. Horietako bi aurtengo urtarrilaren hasieran hasi diren hezitzaileak dira, Nafarroako Gobernuak errefortzuak kontratatzeko emandako laguntzarekin lan-aldi erdiz kontratatuak. Horretarako, aitzinetik, zagokion lan-eskaintza publiko deialdia egin zuen Lixurak.

Une honetan herrietako komunen garbiketa bere gain hartzeko azterketa tekniko-ekonomikoa egiten ari da sozietate publikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun