Kepa Junkerari buruzko 'Berpiztu' dokumentala proiektatuko dute ortziralean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 08:00

Urtarrilaren 20an Gizarte Bilgunean 19:00etan izanen da proiekzioa, Baztango Udaleko Kultura Zerbitzuak antolatua.

Berpiztu

Kepa Junkerak 2018ko abenduaren 6an utzi zuen oholtza halabeharrez, Ganten (Belgika). Desagertu egin zen, akordeoia isildu egin zen. Albisteek aipatu zuten iktus bat izan zuela, larrialdiz ospitaleratu behar izan zutela, errekuperazio prozesuan zegoela eta ondoren deus ez. Ondotik, bi urteko errehabilitazio saioak iritsi ziren gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, solastatzen ikasteko, eskuak mugitzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko.

Kepak bizitzen jarraitzen du, sortzen jarraitzen du, eta artearekin, musikarekin, poesiarekin, pinturarekin, argazkigintzarekin hunkitzen da. Dokumental hau emozio horren kontakizuna da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun