Etxebizitzari buruzko mintzaldia antolatu du Baztango EH Bilduk ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 17a, 13:00

Urtarrilaren 19an Arizkunenean 19:00etan izanen da solasaldia, Joxe Abaurrea hirigintzako abokatua eta EH Bilduren hirigintzako arduradunaren eskutik

Baztango EH Bilduk adierazi duenez, «etxebizitza edukitzea eskubidea izateaz gain, oinarrizko baldintza da bizimodu duina izateko. Alta, jende gero eta gehiagorendako gero eta zailagoa da etxe bat izatea. Baldintza horietan, galdera begi bistakoa da: nola bermatu bizitegia herritar guztiei?». Honi erantzuteko mintzaldia antolatu dute ortzegun honetan, Joxe Abaurrea hirigintzako abokatua eta EH Bilduren hirigintzako arduradunak gidatua.

Mintzaldian hainbat gai landuko ditu Abaurreak; «badira tokiko-ingurua gainditzen duten egiturazko joerak, merkatuaren nagusitasuna adibidez. Baina badira bertze batzuk, tokiko mailan, neurri batean bederen jokatzen ahal direnak, etxe hutsena, adibidez. Horri buruz aipagarria da Baztango etxeen %22 hutsik dagoela eta %14 bigarren bizitegia direla. Horrek, bistan denez, etxe hutsekin egin daitekeenari buruzko galdera dakar».

Honez gain, bertze galdera bat planteatu du udal taldeak; «hainbertze etxe huts egonik, gehiago eraiki behar al da? Normalki eraikuntza berriak nekazaritzako lurretan egiten dira eta ikusirik geroaldia zein nahasia heldu den, ez al da zentzuzkoa nekazaritzako lurrak altxatzea?».

Gainera, «Ipar Euskal Herrian gertatzen ari denari begira, argi dago ostatu-turistikoen eskaintza jakin bat bederen, ohiko bizitegien eskaintzarekin lehian dela. Bertze tokietan nola kudeatu dute horrelako auzia?».

Azkenik, 2022an Nafarroako Parlamentuak onartutako etxebizitzaren lege berria aztertuko dute, «jakiteko indarrean den legearen arabera zein aukera dauden etxebizitza izateko eta lurra zaintzeko».

Hitzordu honekin, aitzineko hilabeteetan adinekoen zaintzari eta turismoari buruz egindako solasaldiei segida emanen die Baztango EH Bilduk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun