Urtea ongi hasteko jarduera ugari izanen dira urtarrilean Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 11a, 10:00

  • Solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta erakusketak izanen dira hilabete honetan bailarako hainbat herritan.
  • Euskal Nobela Beltzaren Astea ilbeltzaren 23tik 29ra iraganen da aurten.

Hilabetero bezala, Baztango Kultura Zerbitzuak urtarrileko agenda kulturala argitaratu du, herritar guzien gusturako jarduerekin.

'Jolasak eta solasak'

Urtarrilaren 14an haur eta gurasoendako Jolasak eta solasak tailerra emanen du Dindaia Fundazioak Arizkunenean 17:00etan, Baztango Euskara Zerbitzuak antolatua. Ahozko tradiziotik bildutako hainbat kantu jostatzeko erara irakatsiko dituzte. Izen ematea euskara@baztan.eus helbidera idatziz.

Baztan Kantuz

Musika eta kantatzea gustuko dutenendako hitzordua Oronozen izanen da hilabete honetan. Urtarrilaren 15ean 12:00etan Urgain jatetxearen plazan elkartuko dira.

San Anton Eguna

Urtero bezala, urtarrilaren 17an, San Anton Eguna ospatuko dute Elizondoko plazan, udalak eta zahar etxeak antolatua. Txistulariak izanen dira goizean, 11:00etan zopak banatuko dituzte eta 13:00etan zozketa eginen dute.

Zinema zikloa

Iruritako Gizarte Bilgunean zinemarekin segituko dute aurten, eta hilabete honetan Berpiztu dokumentala proiektatuko dute 20an, 19:00etan. Filmak Kepa Junkeraren azken urteetako bizipenak kontatzen ditu, kultur ondarearen eta osasunaren aldarrikapena eginez.

Erakusketa

Hilaren 16tik 20ra Lur azpiko solasak. Loizuko gizona argazki erakusketa Arizkuneneko lehenbiziko solairuan izanen da ikusgai, 17:00etatik 20:00etara. Maitane Tirapu arkeologoaren Loizuko leizeko lana biltzen du erakusketak.

Solasaldia

Urtarrilaren 20an Ordesako karstaren esplorazioari buruzko solasaldia emanen du Otxola espeleologia taldeko Ernesto Pratek Elizondoko Amezti elkartean, 19:00etan.

Ibilaldia

Hilaren 21ean Amezti elkarteak Amaiurko gazteluan ibilaldia antolatu du 10:00etan. 09:30ean Elizondo plazatik abiatuko dira autoak partekatzeko, eta Amaiurko indusketa lanak eta Erratzuko bunkerrak ezagutuko dituzte, Aranzadi Zientzia elkarteko Mattin Aiestaranekin eta Xaraka Natur Bidaiak-eko Eneko Eskuderorekin.

Helduendako antzerkia

Urtarrilaren 22an Joseba Apaolazak, Ainhoa Etxebarriak eta Koldo Olabarrik Sagastitarrak antzezlana aurkeztuko dute Gizarte Bilgunean 18:00etan. Goi burgesiako familia baten istorioa kontatzen du, feminismoa eta tradizio patriarkalak kontrajartzen dituena.

Euskal Nobela Beltzaren Astea

(H)ilbeltza - Idazleekin solasean elkarteak Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu du bertze behin. Urtarrilaren 23tik 29ra ospatuko da aurten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun