VII. (H)ilbeltza bekarako deialdia zabalik da martxoaren 10era arte

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 10a, 11:00

BeƱat Irastorza Ugalde ordiziarrak irabazi zuen 2022ko (H)ilbeltza beka. Argazkia: Txalaparta.

Narratiba lanak egiteko proiektuak aurkezten ahalko dira aurten deialdira eta irabazleak 6.000 euroko saria lortuko du

Urtero bezala, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak VII. (H)ilbeltza bekaren deialdia zabaldu dute aurten. Euskal literatura beltza hedatzea eta munduko literatura beltza euskaratzea ditu helburu egitasmoak eta aurtengoan sormenezko lan bat sarituko dute.

Deialdira narratibako lanak egiteko proiektuak, hau da, eleberri edo ipuin-bildumen proiektuak aurkezten ahalko dira. Euskarazkoak eta jatorrizkoak izan beharko dute; inon argitaratu gabeak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak.

Eskariak udaleko erregistroan martxoaren 10era arte egiten ahalko dira. Horretarako, (H)ilbeltza beka izena duen gutun-azal hetsi bat aurkeztu beharko da, eta horren barnean bertze bi gutun-azal izan beharko ditu. Lehenbizikoak Proiektua izena izanen du, eta bertan landu nahi den kontakizunaren azalpena eta 30.000 karaktere inguruko lagina izan beharko du. Bigarren gutun-azalak, Idazlea izenarekin, nortasun agiriaren kopia, banku-kontua eta bankuetxearen agiria izan beharko ditu.

Epaimahaia Joseba Otondo Baztango Udalaren ordezkariak, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxearen ordezkariak eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa Eneko Barberenak osatuko dute. Irabazlearen izena maiatzaren 10a baino lehen jakinaraziko dute, eta laguntza emanen zaiola jakinda, urtebeteko epea izanen du idazlana aurkezteko.

Saria 6.000 eurokoa izanen da, horietatik 3.000 Baztango Udalaren eskutik, 2.000 (H)ilbeltza ekimenaren kargura eta 1.000 Txalaparta argitaletxearen eskutik. Lagin irabazleak 3.000 euro jasoko ditu maiatzean, eta gainerako 3.000 euroak idazteaz bukatzean.

Bekari buruzko informazio osoa eta baldintzak ikusteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun