Baztango hamalau herritan hurrengo agintaldirako alkateak izendatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 9a, 14:00

Argazkia: Ondikol.

Irurita da hautagairik aurkeztu ez duen herri bakarra

Ordenantzak agintzen duenari segituz, Baztango herriek 2023/24 agintaldirako alkate juratuak eta alkatetza taldeak izendatu zituzten Errege eguneko batzarretan. Abenduko hirugarren asteburuan egindako batzarretan aurkeztutako 12 alkateez gain, Erratzun eta Lekarozen ere hautagaiak onartu dituzte, beraz, Irurita da alkaterik gabe segitzen duen herri bakarra.

Lehenbiziko batzarrean alkategairik aurkeztu ez bazen ere, azken bilkuran Ernesto Prat Lekarozko alkatetzarekin segitzeko prest agertu zen, beraz, hamar herritan alkate berdinek segituko dute karguan:

  • Almandozen Pello Sarratea Sanzberro
  • Amaiurren Ixabel Aleman Irungarai
  • Arizkunen Imanol Etxeberria Antxorena
  • Berroetan Carlos Garaikoetxea Elso
  • Elbeten Imanol Juanikotena Taberna
  • Elizondon Aitor Bazterrika Zelaieta
  • Gartzainen Fernando 'Dani' Arraztoa Larregi
  • Lekarozen Ernesto Prat Urzainki
  • Oronoz-Mugairin Jorge Oteiza Ugarte
  • Zigan Joxean Etxeberria Osakar

Nabarmentzekoa da Garaikoetxeak laugarren agintaldia duela Berroetako alkatetzan eta Arraztoak borzgarrena Gartzainen.

Lekarozen karguarekin segitzeko prest agertu da Ernesto Prat. Ondikol.

Honez gain, lau herritan alkate berriak aurkeztu eta onartu dituzte aurten. Erratzun lehenbiziko batzarrean hautagairik aurkeztu ez bazen ere, abenduaren 31n bigarren batzarra egin zuten eta bertan Iñaki Sanzberro aurkeztu zen, Kaiet Itoitz ordezkatzeko. Beraz, hauek izanen dira alkate berriak:

  • Anizen Iñaki Zelaieta Erasun
  • Arraiozen Aritz Alunda Pain
  • Azpilkuetan Juan Andres Azkarraga Iribarren
  • Erratzun Iñaki Sanzberro Goñi

Iruritan ez da hautagai berririk aurkeztu, eta gaur egungo alkateak, Pello Iriartek, kargua uzteko borondatea erakutsi du. Beraz, hilabeteko epea izanen da alkategai berria aurkezteko, bertzela, Joseba Otondo Batzar Nagusiko presidenteak batzarrera deituko ditu berriz ere iruritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun