Lehenik zapatak eta botak neurrira egin eta moldatzen zituen, eta laster hasi zen mota guztietako oinetakoak saltzen eta, tailer ttiki batean moldatzen. Isabel bere bilobak dioenez, «agudo ohartu zen aitatxi negozioaren nondik norakoaz eta egokitzen joan zen, oinetakoaren fabrikazioak indarra galdu zuen eta gero eta gehiago salmentara dedikatu zen».

Virgilioren ondotik, Eusebio bere semeak (Isabelen aitak) hartu zuen ardura, eta hau jubilatu zenean, Isabelek berak. Neska ttikia zenetik laguntzen bazuen ere, duela 30 urte baino gehiago hasi zen dendan lanean, ikasketak akitu eta aitari erretiratzeko urte gutti gelditzen zitzaizkionean. Geroztik Paco senarra ere hasi zen, berak lan egiten zuen zurgindegiak itxi zuenean. Ez dute uste seme-alabek negozioarekin segituko dutenik, «baina guri urte batzuk gelditzen zaizkigu oraindik» dio.
Izan ere, «gogoko» lana du Isabelek eta ikasten segitzen du, formakuntza ikastaroak eginez, bertze lankideez ikasten, bertze dendak bisitatuz. «Oporretan ere, bertze hirietara joaten naizenean oinetako dendak begiratzen ditut, erakusleihoa nola duten, barreneko aldea nola antolatu duten, zer motako oinetakoak saltzen dituzten…».
Mendeurrenaren aitzakian, denda egokitu dute. Oinetakoez gain, gerrikoak, poltsak, karterak, pilotan aritzeko palak eta paletak, frontoirako edo trinketerako pilotak eta bertze osagarriak topa daitezke.