Giro ederrean ospatu dituzte Eguberriak Berroetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 3a, 14:00

Eguberriak beti izaten dira sasoi mugituak eta aurten ere halaxe izan dira Berroetan.

Argazkiak eta testua: Maialen Iantzi

Abenduaren 24an Olentzero etorri zen herrirat. Urteroko gisara, herriari itzulia eman zion, herritar eta akordeoilariaren laguntzarekin. Etxez etxe jan eta edan ondoren, Olentzero agurtu eta afari goxoz bete ziren herritarren mahaiak. 

Ondotik, Urtezahar eguna etorri zen. Goizeko mendi itzuliak eta gero, herritar andana elkartean bildu zen, 2022a batera agurtzeko asmotan. 2023a iristearekin batera, herriari itzulia eman zitzaion trikitixaren laguntzarekin. 

Bestondoari tarterik utzi gabe, Urteberri eguna etorri zen eta harekin batera urtetxak biltzeko ohitura. Haurrak, mandarra gerrian, etxez etxe ibili ziren goxoki, giltxaur, mandarina eta sorpresak bilduz. Oraingoan ere, akordeoiaren musika lagun izan zuten. 

Herrian Eguberriak akitutzat ematen diren arren, berehalaxe ailegatuko dira inauteriak! Ongi pasatzeko ez dago aitzaki faltarik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun