Baztandarren Biltzarra Elkarteak bestaren ardura utzi du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2023ko urt. 3a, 09:00

Taldeak azaldu duenez, «denbora luzez ardura gure esku hartu dugu eta gure zikloa ixteko tenorea dela sentitzen dugu». Hala ere, bertze talderen batek ardura hartuko balu, elkartearen laguntza izanen lukeela adierazi dute; «arras kontent paratuko gara norbaitek segida ematen badio besta eder honi»

Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideak Elizondon bildu ziren atzo arratsaldean, bestaren ardura utzi dutela jakinarazteko. Adierazi dutenez, «urte hauetan, jende anitzen laguntza boluntarioa hartu dugu eta bihotzez eskertzen dugu. Hala ere, denbora luzez ardura gure esku hartu dugu eta gure zikloa ixteko tenorea dela sentitzen dugu».

Haatik, argi utzi dute «elkartearen gidaritza bertze talderen batek hartzen badu, gure laguntza izanen duela; aholkuak emanez, bidelagun lana egiteko erabat prest gaude. Are gehiago, arras kontent paratuko gara norbaitek segida ematen badio hainbertze urtez gure artean egon den besta eder honi».

Baztandarren Biltzarra bestak 60. urteurrena beteko luke aurten; «urte aunitz izan dira, arras politak eta aberatsak. Eskerrak eman nahi dizkiegu modu batean edo bertzean elkarteari laguntza eman dioten guztiei. Gure euskarri izan dugun leloak biziarazi gaitu eta hori izan da gure oinarria. Beraz, ardura hau utzi arren, beti harro aldarrikatuko dugu: Baztanen eskuara barra-barra!».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun