'Natura gure esku' liburua aurkeztu zuen Aiora Zabalak joan den astean Arizkunenean. Antolatzaileek adierazi dutenez, «inguratzen gaituenetik abiatuta, ingurumenari buruzko gogoetan barneratzen du irakurlea Zabalak. Buruz buru ditugun ingurumen erronken aitzinean gogoeta egitera eta aldatzeko ekintzak egitera animatuz. Haatik, ez da liburu aholku emaile edo preskriptiboa, ezta katastrofista ere. Norberak gogoeta egin eta erabaki kontzienteak hartzeko da, erabaki horiek zeinahi direla».
Mintzaldian gela bete zen, jendearen interesaren erakusgarri. Egilearen hasierako hitz hartzearen ondotik galderak egiteko txanda ireki zen, elkarrizketa emankorrari bide emanez.
Aiora Zabala Aizpuru, sortzez irundarra izanagatik, Zigan hazitakoa da. Ekonomia Ekologian doktorea da eta Erresuma Batuko Open Universityn eta Cambridgen irakaslea da.