Zinema, errugbia, eskalada, bazkariak, bazkalondoak, solasak eta dantzaldiak dituzte gustuko, baina batez ere «musikazaleak eta musikariak» dira. Horrek bultzatu zituen Tirri&Tery bikotea osatzera, eta 12 urtez plazaz plaza ibili ondotik, azaroaren 26an musika paratu zuten azkenekoz Elizondon.
Lehenbiziko bestak
2010ean sortu zen bikotea, eta «zehazki zein egunetan izan zen» ez dakitela aitortu badute ere, «seguruenik Txokoton izanen zen, gure lagun Mintxok animatua. Hor eta gaztetxe artean hasi zen mugitzen afera».
Hala ere, bazuten esperientzia lehenagotik; «Juan Angelek urteak zeramatzan musika paratzen DJ gisa eta Ion musikaria izan da inguruko rock taldeetan. Ez dugu lana sobera maite, eta jostatzeari ezin utziz, gure arteko jolas berri bat bezala hasi zen Tirri&Tery».
Herriz herri
Elizondoko ostatu eta tabernak alaitzen hasi baziren ere, 2012an inguruko herrietan «Herri Tourra» abiatu zuten. Baina ez dira Baztanekin bakarrik konformatu, Euskal Herriko hainbat txokotan ibili baitira; «Bidasoa ia osorik egin dugu bi aldiz, Iparraldeko herri ugaritan ibili gara, Sakanan goitik beheiti, Iruñe aldean, Gipuzkoako eta Bizkaiko herri aunitzetako bestetan eta Arabako baten batean ere».
«Memorian geldituko zaizkigun uneak bizi izan ditugu»
Hainbertze leku eta besten artean, zaila da gustukoena aukeratzea; «urtero eta urte aunitzez egon garen herri batzuk baditugu, noski. Beraiek badakite nortzuk diren, eta guretako bereziak dira». Memorian gelditu zaizkien uneak ere badituzte, «zerbait klik egin zuelako eta nolabait gauzak funtzionatzen zuelako. Biak ados gaude Palestina egunaren besta izan zela horietako bat, Elizondoko gaztetxean. Gogoratzen dugun bertze bat Iruritako bestetan lehenbiziko aldiz Goran Bregovicen Gas gas kanta paratu genuenean; jendea erotu egin zen».
«Konplexurik gabeko musika»
Ostatuetan eta diskoteketan aditzen ez den musika paratu izan du bikoteak, eta horrek nabarmendu ditu. «Alde horretatik zerbait egin behar zela pentsatu genuen; konplexurik gabeko musika, kantagarria eta dantzagarria, baina baita jostatzeko modukoa, irri egiteko eta erotzeko».
Hala ere, «gure bestei Guateke, Jai Alai, Party Aparta, Kanping Party, Zizare Zuloan Tour… deitu izan diegu. Inoiz ez gara DJ gisa izendatu, besta aktibistak izan gara, bertzerik ez». Hau izan da bikotearen arrakastaren gakoa; «jendea guregana pixkanaka hurbiltzen hasi zen eta ordutik ez da joan. Batzuk haserretu izanen ditugu bidean seguru, ezin ditugu denak kontentatu, baina hori izan da gure gakoa [irriz]».
«Mierda bat»
Baztanen kakeriari tirriteria erraten zaio, «eta hortik heldu dira izena eta logoaren bi kaka mokordoak. Hasmentan I love this shit jartzen genuen karteletan, eta paratzen genuen musika mierda bat zela aditu izan genuen, eta horregatik txisteari buelta eman genion».
«Inoiz ez gara DJ izendatu, besta aktibistak izan gara»
«Lau katu etortzen ziren gurekin dantzatzera eta umorez hartzen genuen. Gure alde erran beharra dugu ez diogula inori iruzurrik egin, argi dago mierda bat egiten genuela [irriz]». Zein den Tirri eta zein Tery, ez dute argi utzi nahi izan; «bera da Tirri eta ni Tery. Orain zuek asmatu behar hau nork idatzi duen».
Azken agurra
Tirri&Tery ziklo bat izan da, «eta zikloak akitu beharra dira. Horrela ikusten dugu eta horrela izan da. Polita izan da bidea eta polita akabaila, luzatzeak ez zuen zentzurik. Azken agurra Tirri&Tery Flying Zirkus izan zen, besta mundiala, sentikorra eta ahaztezina. Mila esker dantzatzera etorri zineten guziei eta gaztetxean musika paratzen aritu zineten lagunei». Urteotan «momentu txarrik izan ez dela» diote, onak, berriz, «aunitz: kotxean egindako kilometro piloak, solasak, irriak, eta noski, ezagutu dugun jendea eta egindako lagunak».
Etorkizunera begira, «gure kabuz zerbait eginen dugu, banaka edo elkarrekin, baina ez da berdina izanen. Tirri&Tery ez da bueltatuko».