'Natura gure esku' liburua aurkeztuko du Airoa Zabalak asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 26a, 09:00

Sortzez irundarra, erroak Zigan dituen ikerlari eta idazlea da Aiora Zabala Aizpuru. Natura gure esku liburua kaleratu berri du eta Arizkunenean aurkeztuko du abendauren 28an 19:00etan. Baztango Udalak eta Baztango Talde Ekosozialak antolatu dute hitzordua.

Aiora Zabala Aizpuru sortzez irundarra izanagatik, Zigan hazitakoa da. Gaur egun Ekonomia Ekologikoan doktorea da eta Erresuma Batuko Unibertsitate Irekian (Open University) eta Cambridgeko Unibertsitatean Ingurumen Politika irakaslea da.

Natura gure esku liburuan gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egin du, narrazioaren tresneria eta teknika dialogikoak erabiliz, eta bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatuz.

Liburuak agerian paratu nahi du badagoela, ahal dela, larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsatzerik eta, azken batean, ekiterik.

Egilearen asmoa ere bada mezu positibo edo baikor bat helaraztea, aunitz baita, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun