Eguberrietako gehiegikeriei buruzko hausnarketa zabaldu du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 20a, 19:00

Eguberria bizi dugun garaiaz eta munduaren egoeraz gogoeta egiteko «sasoi ezin hobea dela» adierazi du taldeak

Eguberriak hurbiltzen ari zaizkigula, gizartearen gehiegikeriaren inguruko hausnarketa egin du Baztango Talde Ekosozialak: «Eguberri, Urtezahar, Urteberri… egunak heldu zaizkigu. Sinesmen zaharrak, garai bateko mundu-ikuskerak, erlijio kristaua… Urteko egun hauei bakoitzak nahi dion erranahia emanagatik, azkeneko urteetan gehiegikeriaren eta kontsumismoaren egunak bihurtu dira. Eta honek kezka pizten du, eta gogoeta eginarazten».

«Gaurgero eztabaidaezina da gure aldia zein den: krisi aunitz korapilatzen ari den aldia, mugatua den planeta batean. Gure planetaren mugetaz gero eta gehiago ohartzen ari gara eta, horregatik, gero eta jende gehiago ohartzen ari da ezinezkoa dela mugatua den toki batean aldiro hazten segitzea, mugak muga baitira».

Ondasun materialei eta kontsumitutako energiari dagokienez, «nonbaitetik heldu dira. Lurreko eta, aunitzetan, bertze herrialdeetako baliabideak dira, ondotik ondasun material edo energia bihurtzen ditugunak. Baina energiaren krisia erakusten ari da gure energiaren kontsumoa gehiegizkoa dela. Klimaren aldaketa erakusten ari da ekonomiaren eta gizartearen antolamenduak CO2 gelditu gabe isurtzen duela. Biodibertsitatearen krisia erakusten ari da, lurreko baliabideak errausten ari garela».

Honez gain, «betikoa, batzuk aunitz dute, eta bertze aunitz neketan bizi dira. Prekarietatea hedatzen ari da. Dena pribatizaturik, ahalik eta gehien irabaztea balio sozial eta ekonomiko nagusia izanik eta merkatua oroz gainetik beharrak asetzeko modu bezala. Aberastasuna denen artean sortzen da, baina ondotik ez da zuzen banatzen».

Eguberrietan, hau «balaztarik gabe handitzen dela» gehitu dute; «noranahiko bidaiak, kontsumismoa, karriketako argiteria… Zenbat da aski? Zer beharrezkoa? Zerekin gozatzen dugu? Zerk ematen du zentzua? Zerk egiten gaitu zoriontsu? Etxea izatea, berokia, jana, osasuna, soldata… eta gustuko dugun jendearekin egotea, mintzatzea, elkarbanatzea… horrekin seguru aski nahikoa eta sobera izanen genuke».

Horregatik, hausnarketara animatu dituzte herritarrak; «gehiegikeriei buruz pentsatzera ausartuko gara? Noranahiko bidaiez, kontsumismoaz, karriketako argiteriaz, aberastasunaz eta pobreziaz? Gehiegikeriatik bidezkoa eta neurrizkoa den antolaketa sozial eta ekonomikorako bidean ausartuko gara?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun